Urriaren 12an baserritarrak izango dira Idiazabalen protagonista
Baserritarren bostgarren eguna egingo dute. Larreen garrantziaren inguruko hitzaldia egingo dute astelehenean. Baserritarren lanaren eta bizimoduaren erakusleiho da
Baserritarren bostgarren eguna aurkeztu zuten atzo Idiazabalen, Guztako lokalean. Bertan izan ziren Abeltzainen elkarteko hainbat kide eta Idiazabalgo alkate Ioritz Imaz. Tokiko baserritarrentzat garrantzia handia duen egun horren inguruan antolatutako ekintzak eta kartela aurkeztu zituzten.
Idiazabalgo alkateak baserritarren lana babesten duela, eta horrelako egunak antolatzeak «urte osoan egiten duten lana kaleko jendeari gerturatzeko» helburua dutela adierazi zuen.
Larreen garrantzia
Baserritarren egunaren egitarauaren barruan dago hilaren 10ean Arantxa Ariztimuñok emango duen hitzaldia; Mendiko larreen garrantzia gure baserri eremuan izenburupean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko Zuzendaria da Ariztimuño. Abeltzainen Elkarteako Javier Jauregiren adierazpenen arabera, «ganaduzaleei esker mantentzen dira mendiko larreak ongi» eta kalean bizi den jendea horretaz «jabetzea nahi dugu hitzaldi honekin» gehitu zuen.
Baserritarrak protagonista
Urriaren 12an, baserritarrek beraien produktuak, animaliak eta tresneriak erakutsiko dituzte, Idiazabalgo kaleak baserriko egunerokotasunaren erakusleiho bihurtuz. 09:00etan frontoi zaharrean, ganadu erakusketa jarriko dute. Herriko plazan, tokiko ekoizleen eta iparraldeko produktuen erakusketa eta salmenta egongo da eta futbito zelaian, lan-tresnen erakusketa. 12:30etan herriko kaleetatik barrena artaldearen jaitsiera ikusteko aukera izango da eta 14:30ean herri bazkaria. Gaztaren interpretazio zentroa bisitatzeko aukera izango da egun osoan zehar.













