Mondeju jana izango da lehen egitekoa. Lau gautan kontzertuek eta dantzaldiek alaituko dute. Alkohol kontsumoaz sentiberatze saioa egingo dute. Euskal Herriko sega txapelketa, igandean
San Migel festen ondoren, udazkeneko bigarren jaiak bihar iritsiko dira, Goierrin. Zaldibian Santa Fe jaiak ospatuko dituzte, bihartik igandera bitartean. Bost egun 31 ekitaldirekin hornitu ditu Jai Batzordeak. Iragarritako osagai horiek festa-gogoak, plaza-giroak eta herritarren arteko jolasek goxatuko dituzte.
Ohitura duten bezala, mondejua janez hasiko dituzte zaldibiarrek jai nagusiak. Haurrek, lehenbizi, mondeju osagaiak biltzeko desfilea egingo dute Zaldibiako kalean barrena. Danborrada eran Olaldetik plazaraino iritsi, eta han ekingo zaio ofizialki egitarauari.
Suziria Jexux Mendizabal
Kaxkagorri artzainak eta Juanita Murua Sorronbe baserrikoak botako dute. Ondoren, mondeju banaketa egingo dute. Gauerdi txaranga ibiliko da afal ondoan.
Egunei dagokienez, osteguna Santa Fe eta mozorro gauarena izango da, zapatua kuadrillena.
Musika arloan, bost egunetan zazpi talde ekarriko dituzte. Txaranga, errondaila, kaleko banda, txistulari, trikitilari eta kantu-jira taldeak aparte. Imuntzo eta Belokik irekiko dute karteldegia, bihar. McOnak lekeitiarrak, Obaneuke gipuzkoarrak, Altxa Gudari eta Gureran zaldibiarrek eta Tximeleta taldeek joko dute.
Sega txapelketa igandean
Igandean, Euskal Herriko Sega Txapelketa jokatuko da, nazioarteko eran. Mugertza baserriko belardian da, 12:00etan. Helduen artean, gizonezko onenak bertan izango dira, 15etik gora kopuruz. Area bat ebakiko dute. Emakumezkoetan, lau daude baieztatuta —izen-ematea gaur arte da—. Haur eta gazte mailetan hogei-bat segalari ariko dira.
Udaren lehorrak ezbaian zeukan sega saioa jokatzea. «Belarrik ez zegoen, eta helduek ezingo zutela aritu beldur ginen. Baina belarra etorri da, eta segalari mordoa lehiatuko da», dio Mielmari Jauregi
Altzo-k.
Hain zuzen, aurten 35 urte Mugertzan jokatu zen Goierriko lehen sega apustua, federazioaren ofizialtasunez behintzat. 1981ean izan zen, Jexux Agirre
Repo ataundarraren eta
Altzo-ren artean. Ekainean Repo nagusitu zen, eta urte bereko urriaren 12ko errebantxan, Altzo.
Alkoholari buruz kanpaina
Santafetan, bestetik, Ai Laket!-en
Botiltzarra programak ere izango du presentzia. Larunbat gauean, 21:00etatik 02:00etara, adituak ibiliko dira Zaldibian, «aisialdian alkohola edatearen arriskuak» murrizteko aholkuak zabaltzen. Kalean alkohola edaten ari direnengana hurbilduko dira, informazioa ematera.