Adinekoentzat bost ariketa-gailu jarriko dituzte. Futbolaz eta saskibaloiaz gain, beste kirol batzuk egin ahal izateko prestatuko dute kantxa. Zorua margotuko dute, eta jolas batzuk ipiniko dira

Gabiriako Udalak gaur du hastekoa herriko kirol gunea berrantolatzeko eta egokitzeko lana. Gaur egun dagoen futbito eta saskibaloi zelaia kirol gehiago egiteko prestatuko dute, tenisa edo boleibola, adibidez. Baliabide gehiago ere jarriko dituzte inguruan, adinekoentzat zirkuitu osasungarria, esate baterako.
Edadekoek gorputz atalen soinketa egiteko bost gailu kokatuko dituzte, Alkainburu bolatoki ondoko zelaitxoan. Lorategi horretan bertan, erdiko koskan, bi mahai eta bankuak ere ipiniko dituzte, lehendik dagoen iturriaren alboan, aisialdirako.
Kirol kantxa txikitu egingo dute, luzean moztuta. Eskola aldeko atea hamar metro aurreratuko dute, eta geratuko den tarte hartan tenis eta boleibol pista berria sortuko dute.
Futbito kantxaren zorua, berriz, margo gorriz margotuko dute, auzolanean. Orain asfalto gorriztakoa da, 2005eko uztailean berritua.
Irisgarritasuna bolatokira

Kirol gunean bertan, lurrean partxis jolaserako taula handi bat margotuko dute, eskola al-dean. Beste aldean, mahai-tenis edo ping-pong mahai bat ere kokatuko dute.
Alkainburu bolatokirako irisgarritasuna ere hobetuko du udalak, obra hauek baliatuz. Apaizetxe barrenean, frontoirantz jaisteko eskaileren aldameneko zelai zirrindaran pasabidea eraikiko dute, plazatik bolatokira eta zirkuitu osasungarri berrira irispidea erraztuta.
Lanek guztira 44.433 euroko aurrekontua dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak %46 finantzatuko du, tokian tokiko inbertsioetarako funtsarekin. Azaroaren 10erako bukatu behar dira.
Udan, bestetik, plazan ur hartuneak jartzeko hoditeria pasatu du udalak. Eskolako eskailera barrenean, euri urak bideratzeko erreten bat ere ireki du.
Izen-emateak irekita
Errezil sagar lehiaketa eta baserriko produktuen azoka azaroaren 20an izango da. Izena urriaren 14rako eman behar da, udaletxean (943 88 07 34).
Larunbatean, berriz, errezeta begetarianoen ikastaroa emango dute Ander Kerejetak eta Maider Mateok, 10:30ean. Biharko apuntatu behar da, udaletxean.