Areizaga plazako etxearen 50. urteurrena ospatuko dute hilaren 22 eta 23an
Areizaga plazako etxeak 50 urte bete ditu eta bizilagunek festa bat antolatu dute ospatzeko. Hilaren 22an eta 23an egingo dute. Hilaren 22an, 16:30ean, mus txapelketa jokatuko dute. Bikote bakoitzak 20
Areizaga plazako etxeak 50 urte bete ditu eta bizilagunek festa bat antolatu dute ospatzeko. Hilaren 22an eta 23an egingo dute.
Hilaren 22an, 16:30ean, mus txapelketa jokatuko dute. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu behar du. Irabazleek izen-ematearekin lortutako diruaren %50a eramango dute, bigarren sailkatuek %30a eta hirugarren sailkatuek %20a. Irabazleentzat txapelak ere egongo dira. Gainera, lehen lau sailkatuek opari-saskiak jasoko dituzte.
Mus txapelketaz gain, haurrentzako jolasak eta txokolate-jana egongo dira. Ekitaldi horiek 17:30ean izango dira.
Urteurreneko egun handia hilaren 23an izango da. 12:30eko meza auzoko hildakoen alde izango da. 13:00etan triki-po-teoa egingo dute eta 14:30ean bazkari herrikoia egongo da. Bazkalostean dantzaldia egongo da eta 17:30etik 18:30era toka txapelketa jokatuko dute.
Bazkarira joan nahi dutenek, Anais, Aitube Berri edo Berit tabernan zapia erosi behar dute. Helduen zapiak 30 euro balio du eta haurrenak 15. Zapia erosteko azken eguna larunbata da.
Bizilagunek Urretxuko Udalaren, Etxaniz armategiaren eta Aitube Berri, Anais eta Berit tabernen laguntzarekin antolatu dute festa.
Areizagako etxea 1966an hasi ziren egiten eta lehen bizilagunak duela 48-49 urte joan ziren bertara. Etxe garesti samarrak zirenez, handiak dira eta igogailua dute (garai hartan ez zen batere ohikoa), urte batzuk pasa ziren guztiak saldu zituztenerako.
Jesus Mari Kerejetak duela 44 urte erosi zuen berea eta ezkondu zenean, duela 41 urte, joan zen bertara bizitzera. «Urretxuar petoak gara eta garai hartan urretxuarrak etxea Urretxun erosten saiatzen ziren eta zumarragarrak Zumarragan».
Etxe onak dira, baina garai batean ez zen egun bezain erosoa bertan bizitzea. Izan ere, Urolako trena etxe aurretik pasatzen zen, eta euri asko egiten zuen bakoitzean uholdeak egoten ziren. «Gure ataria, 12 zenbakiduna, trenbidetik oso gertu zegoen. Bi metrora-edo. Hori dela eta, trenbideko aldean beirate itxi bat genuen. Trena kendu zutenean, bizilagun guztiok beiratea zegoen tokian balkoia jarri genuen».
Areizaga-Kalebarren
Handik urte batzuetara, bi begiko zubi zaharra kendu eta ibaia estali zuten. Urretxu eta Zumarraga elkartzen dituen plaza egin zuten: Areizaga-Kalebarren plaza. «Dagoeneko ohituta gaude, baina ordutik Urretxu eta Zumarragako ekitaldi gehienak hemen egiten dira!».