Merkataritza eta ostalaritza indartzeko Lazkaoko 80 dendatan eta tabernatan burutu duten sustapen kanpaina bukatu da. Atzo egin zuten azkeneko zozketa. Guztira, 5.000 txartel osatu dituzte eranskailuekin herritarrek, eta udaletxeko ontzian pilatu dituz...

Denda-taberna kanpainako azken sarituetatik bi, atzo. // Aimar Maiz
Merkataritza eta ostalaritza indartzeko Lazkaoko 80 dendatan eta tabernatan burutu duten sustapen kanpaina bukatu da. Atzo egin zuten azkeneko zozketa. Guztira, 5.000 txartel osatu dituzte eranskailuekin herritarrek, eta udaletxeko ontzian pilatu dituzte. Sei taberna desberdinetan jasotako eranskailuak —kontsumizioen truke— edo sei dendatakoak bildu behar ziren.
Azkeneko zozketan, hiru partaidek otorduak irabazi dituzte, launa pertsonarentzat, Lazkaoko jatetxeren batean. Ane Lore Estala, Itziar Arratibel eta Beatriz Hernandez izan dira zortedunak.
Denera hamabi sari banatu ditu udalak, Lazkaon merkatari elkartearekin elkarlanean. Kanpaina positiboki baloratu du Iñaki Estensoro Ekonomia Jarduera zinegotziak. «Komertzioa eta ostalaritza dinamizatzeko zen batetik kanpaina, eta herritarrak kontzientzateko bestetik, sektore horrek balioa duela eta lanpostuak sortzen dituela».
Planak aurrera segiko du
Kanpaina bukatu arren, iaz hasitako Ostalaritza, Merkataritza eta Zerbitzuak Biziberritzeko Planak jarraituko du. Urri-azaroan erosketa kanpaina burutuko dute, eta azaroaren 7tik 11ra fidelizazio arloko formakuntza saioak merkatarientzat. Gabon kanpaina prestatzen ere hasi dira.