«Gipuzkoa txikia izanda ere, gurean prestatutako zinegile handiak ditugu»
Jorge Gil - Zinemagilea
‘Kalebegiak’ filma aurkeztuko dute bihar Legazpin, Latxartegin 22:15ean. Gil (Legazpi, 1981) proiektuaren zuzendaria izan da eta aurkezpenean egongo da. Zineklubak antolatu du ekitaldia.
Legazpi duzu sorterri eta sortzen dituzun lan guztiak bertan erakustea gustuko duzu.
Zalantzarik gabe. Moriarti ekoizpen etxean lan egiten dut eta honezkero Legazpirekin harreman estua dugula esan dezaket. Gure etxeak ekoitzi dituen lan guztiekin etorri gara Loreak, 80 Egunean…. Zineklubeko lagunek gonbidapena luzatzen digute eta gu pozarren etortzen gara. Dagoeneko tradizio bihurtu zaigu. Ni bertan jaiotakoa naiz, baina beste moriartiei ere gustatzen zaie Legazpira etortzea. Ezin hobeto hartzen gaituzte eta ezin dugu hutsik egin.
Zer da ‘Kalebegiak’?
Hamabi film laburrez osatutako lana da. Hamabi begirada ezberdin jasotzen ditu. Guztiak Donostiaren inguruan ehundu dira. Lan guztiak harilkatzen dituen haria ezberdinen arteko elkarbizitzaren ideia da.
Ni, Mitxel Gaztanbiderekin batera, proiektuaren zuzendaria izan naiz.
Nondik sortu zen ‘Kalebegiak’ filmaren ideia?
Mitxel Gaztanbide eta biok Larrotxeneko irakasleak gara. Eskolan ikus-entzunezko eremua lantzen dugu, Donostian. Urte asko dira bertan ikasleekin la-nean ari garela eta Gipuzkoan sekulako potentziala daukagula uste dugu. Donostiako Hiriburutzan ikus-entzunezkoaren esparruan zer edo zer egiteko aukera ikusi genuen.
Gipuzkoa hain txikia izanda ere, Kalebegiak osatzen duten film laburrak egingo zituzten zuzendariak aukeratzerakoan zinegile handiak kanpoan utzi behar izan genituen. Atera kontuak, txikiak gara baina gurean prestatutako zinegile handiak ditugu. Kanpoan utzi genituen, esaterako, Pablo Malo (Lasa eta Zabala, 2014), Jose Maria Goenaga eta Jon Garaño (Loreak, 2014) eta Aritz Moreno (Zuloak, 2012).
Kontsakratutako zuzendariek eta hasi berriek parte hartu dute. Proiektuaren apustua izan al da hori?
Bai. Eskarmentu handiko zinegileen talentua balioetsi nahi genuen, jakina. Halaber, hasten ari den jendearen begiradak ere batu nahi genituen.
Hiru mailatan banatu genituen. Kontsakratuen artean: Gracia Kerejeta, Imanol Uribe, Julio Medem edota Daniel Galparsoro. Beste mailan kimuak hartu genituen, dagoeneko film labur edo luzeren bat ondu, eta sariren bat ere irabazi dutenak ere. Hirugarren mailarako lehiaketa bat deitu genuen; hain zuzen, gidoien herri lehiaketa bat. Gure asmoa, lehiaketako irabazleei zein Medemen lanari balio berbera ematea izan da.
Hori guztia filmari aniztasun ukitua emateko?
Mitxelentzat eta biontzat pelikulak aniztasun espiritua izatea ezinbestekoa zen, areago Donostia 2016 Hiribururatzaren ideiarekin lotu nahi bagenuen. Aniztasun hori film laburretan erabilitako hizkuntza, gai, lengoaia eta abarretan islatu behar zen eta islatu dela uste dugu. Gure ustez, hamabi begiradak hain dira ezberdinak aniztasunaren espiritu hori transmititzea lortu dugula.
Halako proiektu baten kargu egiten zaren lehenengo aldia al da?
Bai, gu gidoigintzatik gatoz eta aurretik ez dugu halako proiektu bat burutu. Guretzat esperientzia ederra izan da. Zuzendariekin bildu, aldaketak proposatu, casting lanetan lagundu, ekipo teknikoa osatzeko laguntza eman… Master bat ikasi bagenu bezala izan da.
Parte hartu duten guztiek lanean gustura aritu direla esan digute eta lana bere osotasunean ikusi zutenean pozik geratu ziren emaitzarekin.
Nola deskribatuko zenioke emaitza ikusi ez duenari?
Ikusleak harritu egin dituen emaitza da. Akaso, Donostiaren irudi abegikorragoa espero dute eta ez da hori filmak oro har agertzen duena.
Denetarik dago, fikzioa, animazioa, egoera jakin bat salatu nahi duen dokumentala, dokumental poetikoa… Dibertigarria izan daiteke eta zer pentsatua eman ere. Gure ustez, ikusle bakoitzak aurkituko du zer edo zer.
Zer daukazu orain esku ar-tean?
Korosti dantza taldeko kideekin film labur bat egin berri dut, terrorezkoa. Estreinatu berritan, Lekeitioko Jaialdian bi sari jaso ditugu. Sariak Korostiko lagunentzat ere badira.
