'Go!azen' Gabirian estreinatua
Euskal Telebistaren telesailaren lehen kapitulua aurreneko aldiz larunbatean ikusi zuten. Zortzi aktorek dantza-koreografia egin eta haurrekin argazkiak atera dituzte
Euskal Telebistaren ETB1 ka-tean ostiralean emango dute, lehenengo aldiz, Go!azen telesail berriaren aurreneko atala. Gabiriako haurrek, eta hara joan ziren Goierriko beste mordoxka batek, larunbatean ikusi ahal izan zuten, aurre-estreinaldi berezia egin baitzuten han.
Euskal hiriburuetan aurkezpenak egin ondoren, herriz herriko promozio kanpaina Gabirian bukatu zuen telesailak. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, eta Eskola Txikien Koordinakundearen bidez, herri txikiagoetan ere «horrelako ekitaldiek ere aukera» izan dezaten nahi zuten, «lurralde oreka eta berdintasuna zaindu nahian».
Go!azen-eko zortzi aktore izan ziren, Oihan Vega esatariak aurkeztutako saioan. 17:00etan, euria ari zuenez, eliza-atarian muntatu zuten aurkezpen set-a. Dantza-koreografia batzuk egin, eta Go!azen musikaleko abestiak kantatu zituzten, aktoreek.
Argazkiak protagonistekin
Aurkezpen laburraren ondoren, haur ilara luzeari kasu egin zieten aktoreek. Gabiriakoez gain, Goierriko herri askotatik bertaratu zen jendea, telebistako pertsonaiek erakarrita. Photocall-ean, nahi beste argazki ateratzeko eta banatutako argazkidun orrian sinadurak biltzeko modua izan zuten neska-mutikoek.
Jarraian, Go!azen-en lehen atalaren bi emanaldi egin zituzten, kultur etxean. Bat iragarrita zegoen arren, haur saldoak berehala bete zuen aretoa ikustaldirako. Bigarrena behar izan zen.
Aurkezpenean izan ziren Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ainhoa Aizpuru diputatua, Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria eta Maite Iturbe EITBeko zuzendari nagusia.



















