Errezil Sagar Egunak hogei urte bete ditu, 1996ko hasieratik .Sagar, menbrilu eta ezti lehiaketak egingo dira. Antton Olaizola frutazain añorgarra omenduko dute
Udazkenaren fruitu estimatuenetakoa den errezil sagarraren inguruan, igandean ospatuko dute Gabirian XVI. Errezil Sagar Eguna. 1996an egin zuten lehena, Erbie elkarteak antolatuta. Hogei urte bete ditu aurten, nahiz eta bitarte horretan, lau urtean, sagar faltagatik antolatu ez ziren.
Ohiko egitura izango du azokak. Plazan jarriko dute, euriak euri, eliza-atariaren eta udaletxeko arkupeen aterpea baliatuz. Hiru lehiaketa burutuko dituzte: errezil sagarrarena, sagar-goxo edo menbriluarena eta, laugarren urtez, Goierri Beheko Ezti Lehiaketa. Lehen bi sariketak gabiriarrentzat dira; eztiarena, goierritarrentzat irekia.
Azoka igandean 09:00etarako atonduta egongo da, eta 10:00ak aldera irekiko dute. Sariak —erreziletan eta eztitan hiruna, menbrilutan bat— 14:00etan banatuko dituzte.
Baserriko produktuek azoka ere egingo da. Barazki, fruta eta fruituez gain, ogia, taloak edota herenegun World Cheese Awards-en super-urrezko domina lortu zuen Baztarrika gazta eskainiko dituzte. Erosleen ar-tean, saski bat sagar eta gazta bat zotz egingo dituzte.
Helburu pedagogikoa
Erakusketa, sariketa eta salmentaz gain, errezil sagar egunak «helburu didaktiko-pedagogikoa» ere badu, Erbie elkarteko Gabino Muruak dioenez. «Aurten, hiru tailer edo erakusketa izango ditugu, jendeak ikus dezan errezil sagarrarekin zer egin daitekeen».
Korta jatetxeko Lontxo Ormazabal sukaldaria, ohi bezala, sagar konpota nola egiten den erakusten eta jendeari dastatzeko ematen egongo da. «Hasieratik gurekin izan dugun Josu Osa ere etorriko da, txertaketan eta inausketa aditua». Sagar barietate desberdinak ekarriko ditu, ezaugarriak azaltzeko.
Berritasuna Antton Olaizola añorgarraren tailerra izango da. Sagar zukua edo muztioa egingo du, dolare txiki batekin. 80 bat kilo sagar zukutuko ditu.
Olaizolari berari egingo diote antolatzaileek aurtengo omenaldia ere, 14:00ak aldera. «Antton Olaizola izan zen, orain dela hogei urte, Gabirian azoka hau martxan hasi ginenean gehien lagundu ziguna. Euskal Herrian ez dago Olaizolak adina dakienik sagargintzan», dio Muruak.
Gabiria eta errezila, lotuta
Hogei urtean langintza bat bete du errezil sagarraren azokak. «Gabiriari izugarri eman dio errezil sagarrak. Izena, eta nolabait izana ere bai. Hogei urteotan lortu dugu Gabiria eta errezil sagarra lotzea, eta nik uste dut hori dela lorpenik handiena».
Aurrera begira, sagarrondoen kultura gazteei transmititzea da erronka bat, Gabino Muruak irudiko. Bestetik, ekoizpena urtero ziurtatzeko, sagarrondo nanoetara jo beharra dagoela esan du: «M-9, M-11, M-106 barietate nanoak aldatzen ez baldin bagara hasten, urtero azoka ezingo da errezil sagarrean oinarrituta egin». Formakuntza da beste gakoa. Ikastaroekin segiko dute.
Aurtengo urtea lehorra joan da, eta sagarra berandu etorri da. Kosta zaio neurria hartzea. Ekoizpenerako, erregadioa jartzea behar-beharrezkoa dela gaineratu du Muruak: «Udak gero eta lehorrago dira. Tolosatik gora, urik ez daukanak ez dauka zer eginik. Eta tratatzen ez duenak ere ez, izan ekologikoki edo ez». Jendea pixkanaka ari dela mentalitatea aldatzen uste du.
Errezil sagarrak etorkizuna baduela argitu du. «Kanpoko sagar barietateen lehia erraldoiaren aurrean, errezil sagarra da ondoen babestuko gaituena».
IGANDEA
· 09:00. Azokaren prestaketa.
· 10:00. Azokaren irekiera. Errezil sagar, sagar-goxo eta Goierri beheko ezti lehiaketak.
· Goizean. Erakustaldiak eta tailerrak: Josu Osa inausketa, txertaketa eta sagar barietateen ezaugarriak azaltzen. Antton Olaizola sagar zukua egiten. Lontxo Ormazabal sagar konpota egiten.
· 13:30. Antton Olaizola frutazain añorgarrari omenaldia.
· 14:00. Sari banaketa. Saskikada sagarren eta gaztaren zozketa.