San Andres jaiak lehertzear
Luze joango dira aurtengo jaiak, bihar hasi eta hilaren 30era arte. Mozorro Egunean, etzi, goia joko dute festek. Igandean odolkiaren bueltan lehiaketak eta omenaldiak izango dira
Negua ate joka dagoenean eta elurrak gainak zuritu berri dituenean piztuko dituzte Ormaiztegin San Andres festei hasiera emango dien suziriak. Bihar hasi eta San Andres egunera arte, azaroak 30, luzatuko dira jaiak aurtengoan. Udalak argitaratutako jaien egitarauaren agurrean ormaiztegiarrek urteko sasoirik ilun zein hitsena ilusioz eta ospakizunez betetzen dutela diote eta hala da. Argiz beteko dute udazken aroa bihar suziriak eztandarazten dutenean. Kolorez beteko dute etziko Mozorro Egunean. Odolki lurrinez ere beteko dute igandeko Odolki Egunean.
Aurreko asteburuko Elegante Egunak jai giroa berotu ondoren, gaur iluntzean jantziko dute festetako zapia Ormaiztegin. Biharko egunak bestelako ormaiztegiar batzuk aterako ditu kalera: mozorrotutakoak. Egun osoan zehar herrian giro onena jartzen duten taldeak sarituko dituzte iluntzean. 12 eta 16 urte bitarteko kuadrilla alaienak 150€ jasoko ditu eta 16 urtetik gorako beste kuadrilla batek 210€. Kuadrilla onenen aukeraketa Ormaiztegiko hainbat elkartetako ordezkariek egingo dute.
Musikaz blai
Bihar gazteek antolatutako kontzertuak daude txosnatan. Etzi Trakets taldearen emanaldia izango da Muxika egurastokian, Bentazaharreko Mutiko Alaiak igandean izango dira Ormaiztegin kalejiran. San Andres egu-nean Urmaiz bertako abesbatzak kantatuko du meza nagusian eta iluntzean, jaiei amaiera dotorea eta umoretsua emango die Demode Quartet taldeak.
Taldeak umorez betetako musika ikuskizuna eskainiko du Muxika plazan. Inolako musika tresnarik gabe, ahots soilarekin arituko dira Iruñeko lau abeslariak.
Erakusketek ere tokia izango dute jaietan. Heliodoro Etxeberriak Iriarte Goiena etxean, 29. zenbakiko beheko solairuan, bildutako irudi ugari jarriko ditu ikusgai: Euskal Herriko postal zahar eta modernoak, Birjinak eta atzerriko herriak, liburu gidak, Ormaiztegiko etxe zahar eta berriak, komikiak eta herriko jaietako egitarauak. Erakusketa etzitik azaroaren 30era bitartean irekita egongo da 12:30-14:00 eta 18:00-20:00 ordutegian.
Zumalakarregi museoan abenduaren 4ra arte ikusgai egongo da Aurelio Arteta margolariaren Euskal Erromeria obra. Museoa doan bisitatu ahal izango da San Andres egunera bitartean, asteazkenetik ostiralera 10:00-14:00 eta asteburu eta jai egunetan 10:00-14:00 eta 16:00-19:00.
Jaietako zapi berdeak tabernetan salgai daude. Bihar zapia lepoan lotu eta jaiak hartuko dituzte ormaiztegiarrek.
EGITARAUA Bihar · 16:00. Mus Txapelketa 8 Erregetara Jubilatuen elkartean. · 16:15. Umeen kalejira. Kiroldegitik herriko enparantzara. Ondoren, haurrentzako askaria Muxika egurastokian. · 18:30. Ormaiztegiko dantza moderno eskolako ikasleen erakustaldia Muxika egurastokian. · 19:00. Ikurriña altxatzea, suzirien jaurtiketa eta zapia jartzea. Aurtengo jaiei hasiera emateko, sorpresa! Jarraian, buruhandiak eta Jundajo txaranga herriko kaleetan. · 19:30. Umeentzako disko festa, DJ Tirapurekin Muxika egurastokian. · 23:30. Gazteek antolatutako kontzertuak txosnetan: Gureran, Ziribulio Sound eta Stepi Selekta. Etzi, mozorro eguna · 12:00. Eskubaloi partidak. Zubipe frontoian: Ormaiztegi kirol elkartea/Urnietako kirol elkartea. · 12:00-15:00. Jundajo txarangak kaleak alaituko ditu. · 14:30. Mozorroturiko lagun taldeen bazkaria Zubipe kiroldegian. Prezioa: 14 euro; gaur da txartelak erosteko azken eguna; tabernetan erosi daitezke. · 17:00. Zezentxoak eta poniak 16 urtetik beherako gaztetxoentzat kiroldegi kanpoaldean. · 18:00. Mozorroturiko lagun taldeen jaitsiera Elektropatxarangaren doinuak jarraituz herriko kaleetan zehar. · 20:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa Muxika egurastokian. · 10:00-21:00/23:00-02:00. Trakets taldearen eskutik kontzertua Muxika egurastokian. Azaroak 27, igandea · 10:00-14:00. Haurrentzako jolas parkea Zubipe kiroldegian. · 11:00-14:00. Odolki Eguna. -Ormaiztegiko 30. Odolki Lehiaketa. -19. Odolki osagaien azoka eta lehiaketa. -Busca Isusiri omenaldia bere jaiotzaren 100. urteurrenean Ramon Roteta sukaldariaren eskutik. -Ane Mujika gozogileari omenaldia Juan Jose Lapitz gastronomoarekin. -Ormaiztegiko Odolkia osagai duten plateren 15. Sukaldaritza lehiaketa. Eguerdian. Sari banaketak. -Jarraian, odolki pintxoen dastaketa Barduliarrak elkartearen laguntzarekin. -Ardo dastaketa Zumalakarregi kaleko karpan. · Goiz guztian zehar. Artisau produktu gastronomikoen azoka: gazta, euskal gozogintza, kontserbak, hestekiak, vermuta… · 19:00. Bentazaharreko Mutilko Alaien eskutik kantujira Muxika egurastokitik abiatuta. Azaroak 29, asteartea · 21:00. Helduen danborradako partaideen afaria Zubipe kiroldegian. · 23:00. Helduen danborrada kaleetan zehar. Azaroak 30, asteazkena · Goizean. Txindata musika eskolako txistularien goiz eresia herriko kaleetan zehar. · 10:00-14:00. Haurrentzako parkea Zubipe kiroldegian. · 11:30. Urmaiz abesbatzak abesturiko meza nagusia. · 12:00. Udalak eskainitako hamaiketakoa Barduliarrak elkartearen laguntzarekin, plazan. · 13:00. Herri kirol jaialdia Muxika egurastokian. · 15:30-17:30. Haurrentzako parkea Zubipe kiroldegian. · 17:30. A fuego lento Zumalakarregi kaleko karpan. · 19:00. Kontzertua Demode Quartet taldearen eskutik Muxika egurastokian.













