Kros denboraldia sasoi onean hasi dutela erakutsi dute ordiziarrak eta urretxuarrak. 450 atleta elkartu dira aurten
Txindoki Atletismo taldeko Jose Antonio Blanco Txuri ordiziarrak eta Goierri Garaia klubeko Ainhoa Sanz urretxuarrak irabazi dute III. Oiangu krosa. Txurik 26 minutu eta 43 segundo behar izan zituen 8.300 metroko ibilbidea osatzeko. Haren atzetik, Pedro Ruiz iruindarra sailkatu zen (27:20), eta Andoni Olazagirre izan zen hirugarrena (27:29).
Sanzek, aldiz, 20 minutu eta 29 segundoan osatu zuen 5.600 metroko ibilbidea. Bigarrena Sian May Robinson inglesa izan zen (20:33) eta hirugarrena Txindoki taldeko Uxue Ibañez (23:16). Ordiziakoa kros denboraldiko bigarren proba izan da, eta Blancok eta Sanzek sasoiko daudela erakutsi dute. Izan ere, Irunen jokatutako lehen proban ordiziarra bigarren postuan sailkatu zen, eta urretxuarra podiumeko koska nagusira igo zen ordukoan ere. «Txuri Berlingo maratoirako prestatzen aritu zen udan, eta oraingo ibilbide motzetara egokitzen ari da», nabarmendu du Txindoki taldeko ordezkari Angel Perez Pululu-k.
Urretxuarraren denboraldiko helburu nagusia Espainiako Txapelketarako sailkapena lortzea da, bai bakarka zein taldeka. Txindoki Atletismo taldeak hirugarren urtez antolatu du krosa Oiangun, eta «gustura» daude herenegungoak emandakoarekin. «Haizeak zakar jo zuen momentu batzuetan eta zenbait buruhauste sorrarazi zizkigun, baina gainontzean ondo joan zen dena».
450 atleta inguru elkartu ziren Ordizian –horietatik 325 infantil maila bitartekoak– eta 11 lasterketa jokatu ziren guztira. «Oianguko zirkuitua kros denboraldian finkatzea lortu dugula iruditzen zaigu».