Donostiarako noranzkoa proiektuaren lehenengo fasea da eta 241.500 euroko kostua izango du. 2017an hasiko dira Buztuntza parean pantailak jartzen 165.000 euroko aurrekontuarekin

Dagoeneko ari dira N-1 errepi-dean pantaila akustikoak jartzen Ordizian, eta lanak «egun gutxi barru» bukatuko dituzte, Udalak esandakoaren arabera. N-1 errepideak sortutako zarata ekiditeko ari dira jartzen pantailak, hortaz, herritarren eskaera historikoa egi bihurtuko da laster. Irail hasieran aurkeztu zuten pantaila akustikoak jartzeko proiektua, Bide Azpiegitura Diputatua den Aintzane Oiarzabalek eta Ordiziako alkate Jose Migel Santamariak, hainbat azpiegitura proiektu aurkezteko udaletxean egindako agerraldian.
Proiektuak bi fase izango ditu. Euskal Pilota auzoaren parean, Donostiarako noranzkoan jartzen ari diren pantailek osatzen dute lehen fasea, ata Gasteizerako noranzkoan, Buztuntza parean jarriko dituztenek, bestetik, bigarrena.
Donostiarako norabidean jartzen ari diren pantailak N-1eko gainaldeko igarobidean hasi eta 140 metro luzatuko dira. Ingurune horretan hainbat etxebizitza daude San Inazio eta Euskal Pilota kaleetan. Aldundiak inguru horretako zarata gutxitzeko «lau metroko altuera izango duen metakrilato gardeneko pantaila akustiko bat diseinatu» duela adierazi zuen Oiarzabalek Ordizian egindako agerraldian.
Gazteizerako norabidean
Gasteizerako norabideko lanei, berriz, 2017ko urte hasieran ekingo diete. Norabide horretan, etxebizitzen eta N-1aren artean, Madril-Irun trenbidea kokatzen da. Oiarzabalek esan zuenez, «pantaila akustiko bejetal bat» diseinatu dute inguru horretarako, «zarataren xurgapen ezaugarriengatik eta inguru-nean ondo integratzen delako». Beraz, N-1 eta trenbidearen ar-tean hesi berdea egingo dute.
Aurrekontuari dagokionez, 241.500 euroko kostua izango du Donostiarako noranzkoan egiten ari diren lehenengo fa-seak. Gasteizerako noranzkoko lanek, berriz, 165.000 euroko aurrekontua izango dute. Urtarrilean hasi eta hiru hilabeteko epea izango dute, bigarren faseko lanak amaitzeko.
Beste lan batzuk
N-1 errepidean jartzen ari diren pantaila akustikoez gain, hobekuntza lan gehiago ere egin dituzte Ordiziako beste hainbat eremutan. Batetik, Joseba Rezola pasealekuaren parean, tren geltokitik gertu dagoen aparkalekuan handitze lanak egin ostean, aparkatzeko 14 plaza gehitu dira eta, bide batez, aparkaleku osoko zorua berritu eta trafikoaren noranzkoa aldatu dute.
Bestalde, azaroan, tratamendu ez labangarria eman dute Goierri eta Filipinak kaleetako gune batzuetan. Arramendi bidea ere konpondu dute eta 3.490 metro koadroko zorua berritu dute, Iturtxotik Aranzegi baserriraino.
Azkenik, Okorro kaleko urbanizazioa berritzeko lanak laster hasiko dira. Azpiegitura guztiak berrituko dira: argiteria, ur sarea eta saneamendua, zorua, espaloiak eta hiri altzariak.