Orkli Ordizia emakumezko taldeak Gernikaren aurka jokatu duen partidaren irudian, gaur, Altamira zelaian. Arg.: I. Gurrutxaga
Orkli Ordizia emakumezkoen errugbi taldeak galdu egin du Euskal Ligako lehen partida ofiziala Gernika taldearen (12-32). Eguraldiarekin zorte handirik ez dute izan estrainekorako Ordiziako neskek –euria gogotik eta kazkabarra tarteka–, baina lanerako eta borrokarako prest atera dira Altamira zelaira, jakitun bizkaitarrak eskarmentu gehiagoko jokalariak direla. Emakumezkoen taldea martxan jartzea zen Ordizia Rugby Elkarteak aurtengo zuen helburuetako bat, eta gaur bihurtu da errealitate. Harmailetan, ordea, ez zegoen jende askorik.
Gaur abiatu da Emakumezkoen Euskal Liga. Bi multzotan banatuko dira taldeak. Multzo batean AVK Bera Bera, Gernika, La Rioja eta Orkli Ordizia arituko dira, eta bigarren multzoan, berriz, iaz Euskal Ligan parte hartu zuten taldeak egongo dira: La Unica, Gaztedi, Durango, Eibar eta Hernani. Lehen itzuliko irabazleak txapelketa utziko du, eta Ohorezko B Mailara igotzeko jokatuko du, eta beste taldeek lehiaketarekin jarraituko dute.