Andoni Aizpururen hitzak, Bilboko manifestazioan
Milaka lagunek bat egin zuten atzo Bilboko kaleetan, “giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde” lemapean egindako manifestazioak. Sare plataformak deituta, euskal presoen giza eskubideen urraketak salatu zituzten Euskal Herriko bazter guztietatik joandako herritarrek. Goierrin bertan ere, dozenatik gora autobus antolatu zituzten bertara joateko. Manifestazioaren amaiera ekitaldian Nerea Alias eta Andoni Aizpuru telebista aurkezleek irakurri zuten testua. Bertan, gaixo handi diren presoak eta «zigorra aspaldi bete zutenak» kartzelan atxikitzen dituztenak eta, finean, «erabaki horiek hartzen dituztenak eta beste aldera begiratzen dutenak» argi eta ozen salatu dituzte.