Idiazabalen mamia
Idiazabal izen berbereko gazta ospetsuengatik da ezaguna, besteak beste. Urtero milaka bisitari jasotzen ditu, gaztaren ospeak erakarrita. Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroak eta Idiazabalgo Udalak lan handia egin dute bisitariari zerbitzu erakargarri batzuk eskaintzeko: “Interpretazio zentroko bisita gidatuak, azoka eta festen koordinazioa, gaztandegiak eta ustiategiak bisitatzeko aukera, Idiazabalgo errekurtso artistiko-kulturalak ezagutzeko bisitak, mendi ibilbideak; beste herri, eremu eta produktu askorekiko ekimenak eta zirkuitu turistiko osoak” aipatu ditu Idiazabalgo alkate Ioritz Imazek.
Lehen sektoreari balioa emateko asmoarekin jarri zuen martxan udalak, herriko baserritarren laguntzaz, Gaztaren Mamia proiektua, 2012an. “Lehen sektorea dinamizatu, herritarrak sentsibilizatu, eta kanpotarrentzat erakargarri bihurtzeko aukera paregabea” dela dio Imazek.
Idiazabal gaur egun “lehen sektoretik bizi ez arren, baserririk gabe ez litzateke deus”. Gainera, Idiazabalek duen “izen ona” baserri mundutik datorkio. Horrexegatik ekin zioten proiektu horri, “baserritarrei eskerrak eman, egindako lana baloratu, eta baserriak eta landa eremuak etorkizuna izan dezaten beharrezko oinarriak sendotzeko”. Hori da, gaur egun, udalak duen erronka nagusietako bat, alkateak aitortu bezala.
1987an sortu zuten Idiazabal Jatorrizko Izenaren Kontseilua. Jatorri izenaren bitartez, ordura arte Hego Euskal Herrian bere kabuz ardi latxaren esnea erabiliz gazta egiten zuten artzainak bildu nahi zituzten, ardi latxa galtzeko zorian baitzegoen. Horrekin batera, ardi gaztaren inguruan egiten zen iruzurrari aurre egin nahi zioten; izan ere, ardi esnez egindakoa zelakoan, bestelako gazta saltzen zuen hainbatek. Idiazabalgo gazta ardi latxaren esne gordin hutsez egiten da, esne garbi eta osoarekin. Pasteurizatu gabea izan behar du. Gazta ontzeko bi eta sei hilabete arteko epea behar da. Gazta ketua edo ketu gabea izan daiteke, nahiz eta historikoki Idiazabalgo gazta definitzerakoan ketutakoari dagokiona izan.
Abeltzainen elkartea
Idiazabalgo baserritarren artean sektorea biziberritzeko proiektu berriak sortu edota larre komunalak koordinatu ahal izateko, Abeltzain Elkartea sortzea “aurrerapauso izugarria” da, Imazen iritziz. Elkartea sortzearekin batera etorri dira “emaitza eta dinamika positiboak”. Herriko baserrietan belar lanak egiteko makina bat erosi zuten, eta lan horien kudeaketa errazago bat ahalbidetu du ustiapen bakoitzeko; langileei lanorduen ordainketak edota mantentze eta bestelako gastuen ordainketak.
Horren harira sortu da udal eta baserritarren ordezkariez osatutako batzordea. Aldian-aldian egiten dituzte bilerak baserritarren kezkak eta ideiak jaso, martxan dauden lanen jarraipena egin, eta ekimenak bideratzeko, Imazek esandakoaren arabera. Herriko Baserritarren Eguna ospatzea ahalbidetu du batzordeak, lehen sektorearen inguruan “denen ahaleginez” elikatu den herri giro polita sortuz.
Idiazabalek landa eremu oso zabala du, ahaztu gabe aziendak bazkatzeko larre komunalak ere badituela. Hori dela eta, koordinazio lan indartsu bat egiten ari da animaliek bazkatzeko larreetako baimen eskariak jaso eta bideratu ahal izateko, mendiko larreen etengabeko hobekuntzarako, erabilerarik ez daukaten lur edo belardiei erabiltzaileak bilatu eta kudeaketa bat egiteko, baserrien eta landa eremuaren hustea saihesteko, sastrakadiei aurre egin eta inguruak ahalik eta txukunen edukitzeko, eta nekazari eta abeltzainen artean auzo lanak sustatu eta koordinatzeko. Elkartea, batzordea eta udala bera ere komunikazio aldetik “esfortzu handiak” egiten ari dira erabakiak eta ordenantzak denengana iristeko, eta denen parte hartzea sustatzeko.
Gipuzkoako hegoaldean dago Idiazabal, eta Goierri osatzen duten herri txikienen artean handiena da. Aralarko mendilerroaren eta Aizkorriren tartean, parekorik ez duen ingurune natural ederra osatzen duen koadroaren parte da. Horretaz gain, N-1 errepidea du alboan, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoaren elkargunea dena.
Herriguneak eta Urtsuaran auzoak osatzen dute. Inguruan, baserriak eta Neolitikoko eta Brontze Aroko hainbat monumentu megalitiko daude; Artxubi, Napalatza, Unanabi, Bidarte eta Zorroztarri tumuluak eta trikuharriak daude. Herrigunean San Migel parrokia dago; eta herriko plazan, berriz, artzainaren monumentua, mendeetan Idiazabalen artzaintzak izan duen garrantziaren seinale.
Indiano etxeak
Ugariak dira indiano etxeak, eta herrian sartu orduko bisitariaren arreta erakartzen dute. XIX. mendearen azken aldera Ameriketako bidea hartu zuten idiazabaldarren artean batzuek behintzat dirua egin zuten, eta, jaioterrira itzultzean, zenbait palazio eraiki zituzten, bere parke eta guzti.
Tradizio emigratzailearen aztarna garbia dira etxe horiek. XIX. mendean Euskal Herrian industrializazio prozesua eta hiritartzea oso era arinean gertatzen ari bazen ere, ez zen nahikoa izan bere gainetik trantsizio demografikoaren lehen pausoak ematen ari zen populazio bati eutsi ahal izateko, eta, hori dela eta, garraioen merkatzearekin eta Espainiak emigratzeko emandako erraztasunei loturik, populazioa Ameriketako lur hutsetan bizibidea bilatzera bultzatu zuten. Txomename (herriko plazaren parean), Pilar-enea (egun taberna eta erretiratuen egoitza dena), Floreaga, Arraizenea eta beste hainbat indiano etxe aurki daitezke.
Mari Carmen Urteagak oraindik gogoan du N-1 errepideak Idiazabalgo herria punta batetik bestera nola zeharkatzen zuen, eta nola herria bitan zatitzen zuen. 1983. urtean autobia eraiki zen arte, N-1ak Idiazabalentzat aberastasuna ekarri zuen, baina, batez ere, anekdota eta istorioz bete zuen herriko memoria. Besteak beste, taberna, jatetxe, pentsio, ile apaindegi, telefono zentralita eta gasolindegia ireki ziren, herriguneko bide horretatik pasatzen ziren milaka lagunen beharrei erantzuna emateko.
Gaiaren inguruan hausnarketa egiteko eta orduko istorioak biltzeko, herritarrek bilkura egin zuten apirilean, eta Urteagak ere bilkura haietan parte hartu zuen. Proiektu hori Euskadi Lagunkoia egitasmoaren barnean dago; Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, hain zuzen.
Idiazabalen oraindik gogoan al duzue N-1 errepidea herrigunetik pasatzen zeneko irudia?
Bai noski. Zaila da ahaztea, nahiz eta dagoeneko urte asko igaro diren N-1 errepidea Idiazabalgo herrigunetik atera zutela. Gazteenek agian ez, baina adin batetik aurrerakoek oraindik oroimenean dituzte garai haiek.
Zein izan zen N-1 errepidea Idiazabalgo herrigunetik ateratzeko helburua nagusia?
Arrazoi nagusia trafikoa herrigunetik ateratzea zen. Istripu ugari zegoen, eta hildakoak aldiko egoten ziren. Istripuez gain, egunetik egunera trafikoa handiagoa zen, zarata, kutsadura… Egoera jasanezina zen.
Horretaz gain, eskola bera ere herriko beheko aldean zegoen; hau da, errepidearen alde batean. Hortaz, errepidea gurutzatu behar zuten egunero goiko aldean bizi zirenek, eskolara joateko. Espaloirik ere ez zegoen. Beti zegoen zerbait. Arriskua geroz eta handiagoa zen.
Zein eragin izan zuen Idiazabalen N-1 errepidea tokiz aldatzeak?
Onurak eta gauza txarrak ekarri zizkion herriari. Dendak, jatetxeak eta beste hainbat negozio desagertu ziren. Hala ere, ez diogu erru guztia errepidearen toki aldaketari botako; herritarren ohiturak ere urteen poderioz aldatuz joan baitira, eta ziurrenik horrek ere izan zuen eragin negatiboa kasu horretan.
Eta trafikoari dagokionez?
Ezin da konparatu! Ikaragarria zen kamioien joan-etorria, eta baita bestelako ibilgailuena ere; lanera edo oporretara joaten zen jende askorena, alegia. Horiek guztiak pasatzen ziren Idiazabal erditik. Jende asko gelditzen zen erosketak egitera, deskantsatzera edo zerbait jatera.
Hortaz, aldaketak lasaitasuna ere ekarri dio Idiazabali. Jada ez dago lehen zegoen kutsadurarik, ez zaratarik. Errepideak herria banatzen zuen, eta, hortaz, herriak bi zatitan funtzionatzen zuen; orain, berriz ere bat da. Herritarrak kalean askoz ere lasaiago ibil gaitezke orain.
Aldaketa fisikoak zeintzuk izan dira?
Pixkanaka-pixkanaka iritsi ziren aldaketak; espaloiak zabaldu, arbolak jarri, aparkatzeko tokiak jarri eta beste hainbat gauza gehiago. Idiazabal herri itxura hartuz joan zen poliki-poliki.
Gaur egun gelditzen al da N-1 errepidea Idiazabaldik pasatu zeneko aztarnarik?
Kale Nagusian, Beasaindik sartzen bazara, bada garai hartako puntu kilometrikoa; 416 kilometroa, hain zuzen, oroitzapen modura.