Errekak hazita datoz, asteburuan euri asko egin eta gero
Urtegiak erdi hutsik izatetik, uholde arriskua izatera pasa gara, astebete eskaseko epean. Azken astean euri asko egin du, eta errekak hazita datoz. Oria ibaia esaterako, arrisku mugatik gertu dago, urak gainezka egin ohi duen tokietan. Hala ere, momentuz ez dute aparteko arazorik eragin errekek. Hainbat luizi izan dira ordea, Ataunen edota Zaldibian esaterako. Zenbait unetan, errei bat edo bide osoa itxi behar izan dute.
Igandekoa izan zen egunik euritsuena; Ordizian 39,5 litro ur neurtu zituzten eta Aitzun 35,9. Larunbatean gutxixeago izan zen, 25 litro Aitzun, 22,9 Agauntzako neurgailuan eta 19,1 Ordiziakoan. Eguneko kopuruak baino, esanguratsuagoa da apenas gelditu gabe egin duela euria asteburu osoan zehar.
Euri gutxiago baina hotz handiagoa
Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur euria egingo du oraindik, baina bihartik aurrera atertzea espero dute. Euriaren tokia hotzak hartuko du, eta termometroak zeropetik ibiliko dira egun askotan, -3º eta 5º gradu artean.
- Oria ibaia, Legorretan
- Belardia putzuz beteta, Legorreta
- Tximistako zubia, Ordizian.
- Zaldibian asteburuan izandako luizia.