Goierri Kopako Traileko lehenengo liderrak Juanjo Igartzabal eta Elena Calvillo dira.
Izena emanda 300 korrikalari bazeuden ere, azkenean 273 korrikalarik hartu dute parte Garingo V. Mendi lasterketan. Karrakaren hotsarekin batera abiatu dira korrikalariak 11 kilometro osatzeko helburuarekin. 270ek bukatu dute.
Lasterketaren zatirik gehienean Juanjo Igartzabal lehenengo postuan joan da baina azkeneko metroetako aldapa gogorrean, Joxe Amunarriz hondarribitarrak aurre hartu dio goierritarrari.
Nesketan, lehenengo itzulian Elena Calvillo pasatu da lehenengo postuan, baina gainerako bi itzulietan, Maite Etxezarreta azpeitiarra izan da nagusi. Azkenean Calvillo hirugarrena izan da emakumezkoetan. Bigarrena, Veronica Dominguez gasteiztarra izan da.
Goierri Kopa Trail eta Beasain Challenge
Garingo proba Goierri Kopa Trailerako eta Beasain Challengerako lehenengo proba puntuagarria da. Goierri Kopari dagokionean, liderraren elastikoa, lasterketa motzena, Juanjo Igartzabalek eta Elena Calvillok jaso dute.