Arri BKL eta Goierri Quartet taldeek derbi goierritarra jokatu zuten atzo, Beasaingo Antzizarren. Etxekoak nagusitu ziren, 69-68
Arri BKL eta Goierri Quartet taldeen arteko derbia, atzo. // Argazkiak: Ina Olaizola
Maila, intentsitate eta emozio handiko derbi goierritarra jokatu zuten atzo Arri BKL eta Goierri Quartet taldeek. Kirol horren zaleentzat, gozatzeko moduko partida izan zen, azkeneko unera arte emozioa mantendu zuena. Partida beroa espero zen, eta zaleek ere babesa eman zieten bi taldeei. Azkenean, etxekoak nagusitu ziren, baina puntu bakarreko aldearekin.
Markagailua urretxuarrek zabaldu bazuten ere, lehengo bi laurdenetan etxekoak izan ziren nagusi (39-26). Aldagelatik bueltan ordea, Goierrikoek buelta eman zioten partidari, eta 6-23ko partzial bati esker, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. Etxeko taldeak ez zuen etsi ordea, eta markagailuan asko gerturatzea lortu zuten. Puntu bakarreko aldearekin egin zituzten azken minutuak, markagailua urretxuarren alde zela. Azken minutuan, etxekoek aldeko 2 jaurtiketa libreak aprobetxatu eta aurretik jarri ziren berriz ere, partida 69-68 irabaziz.
Asteburuko partidak sailkapenean pare-parean jarri ditu Goierri Quartet eta Arri BKL. Urretxuarrak 4. daude orain, eta beasaindarrak 5. postuan, biak ere jokatutako 14 partidetatik 10 irabazita.