CAF-ek 12 tren-makina elektriko egingo ditu Pariseko tren sarearentzat
Beasaingo CAF konpainiak beste eskari bat lotu du Frantziarako. 12 tren-makina elektriko dual diseinatu eta fabrikatuko dituzte. Beste 6 makina egiteko aukera ere jasotzen du 65 milioi euroko balioa duen kontratuak.
Pariseko Garraioen Enpresa Errentari Autonomoa (RATP – Régie Autonome des Transports Parisiens), Pariseko metro sarea, metropoli eremuko hiriko eta hiriarteko garraioak eta eskualdeko lineen zati bat (RER) kudeatzen dituen enpresa publikoa da. Hain zuzen ere, eskualdeko trenen sareko azpiegituraren mantentze-lana egiten duten trenak atoian eramateko erabiliko dituzte makina berriak.
Tren-makina horien fabrikazioa CAFek Frantzian, Bagnères de Bigorre udalerrian, duen lantegian 2018. urtearen erdialdetik aurrera egingo dutela aurrez ikusi dute. Lehen unitatearen entrega 2019ko lehen hiruhilekoan egingo dute. Lokotraktore horiek, dual motakoak direnez, katenarietatik lortutako energiaren bidez zein unitateari gehitutako baterien bidez funtziona dezakete.
CAFek tren-makinen merkatuan “produktu berritzaileak egiteko apustu irmoarekin aurrera” jarraituko duela azaldu du. Era berean, CAFek Frantzian duen presentzia sendotuko du. Azken urteotan, proiektu ugari garatu dituzte herrialde horretan. Horietako batzuk dira Nantes, Besançon eta St. Etienne hirietarako tranbien hornikuntza eta Lyoneko metroko trenen flota birgaitzea.