Hondakinak edukiontzi bidez biltzeari bai esan diote Legorretan
Legorretako biztanleek, hondakinak edukiontzi bidez bilduko dituzte aurrerantzean. Gaur burututako herri galdeketan, baiezkoak jaso du boto gehien. Emaitzak ondorengoak izan dira: baiezkoak 425, ezezkoak 182 eta baliogabeak 4. Herritarrak, haien botoen bidez, udalak egindako proposamenarekin ados agertu dira.
Galdeketak izandako parte hartze “handia” nabarmendu nahi izan du udalak. 611 herritarrek eman dute botoa, Legorretako biztanleen %52ak, alegia.
Hori horrela izanda, hondakin bilketa sistema berriarekin, ontzi arinak, papera eta beira, edukiontzi irekien bidez jasoko da. Organikoa, txiparekin eta 24 orduz egongo da irekita. Errefusa ere, organikoa bezala, txipa daraman edukiontzian jasoko da, eta astean behin egongo da irekita. Azkenik, pixoihalak, txiparekin eta 24 orduz egongo da irekita, edukiontzi hori erabiltzeko eskaera egiten dutenentzat.
Horrez gain, tren geltokiko gunea kendu egingo dute, eta etxola batzuk jarriko dira auzoka; gaur egun geltokiko gunea erabiltzen duten auzoetan, hain zuzen.
Udalaren helburu nagusia, “gaika ahalik eta gehien sailkatuta, emaitza onak lortzea da”.