Esku hutsik bueltatu da Ampo Ordizia Kataluniatik
Ampo Ordizia esku hutsik itzuli zen etxera Katalunia aldetik, atzo, UE Santboianaren aurka 34 eta 7 galdu ondoren. Santboi, talde gogorra da, etxean jokatzen duenean batez ere eta ez zuen barkatu. Ordiziarrek, ez zuten horrelako emaitzarik merezi baina katalanek, bisitarien akats guztiak ongi aprobetxatzen jakin zuten.
Lehenengo zatian, Ampo atzetik ibili zen partidaren lehenengo 20 minutuetan. 15. minutuan, 17-0 galtzen hasi ziren. Hortik aurrera ordea, goierritarrak partiduan sartzea lortu zuten, Imanol Aldanondoren entseguari esker. Iker Kortaren transformazioari esker, 17 eta 7 markagailuarekin joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, zelaira salto egin eta Santboiri gogotik egin zioten aurre Ampokoek. Ordiziatik gerturatutako zaletuek, taldeak partidari buelta ematea lortuko zuela sinistuta zegoen. Baina ahaleginak eginda ere, markagailuko aldea murrizterik ez zuten lortu. Santboik ez zuen aukerarik pasatzen utzi eta zigor kolpe bat gehitu zuen 56 minutuan. Haren atzetik, bi entsegu etorri ziren, 64. minutuan bata eta 79. bestea. Ordiziarrentzat partidari buelta ematea ezinezkoa izan zen, hainbat saiakera egin arren.
Dena den, sailkapen nagusiko seigarren postuan mantentzen da Ampo eta bere lekuari eusten saiatuko da, playoffetan sartu ahal izateko. Erabakiorra izango da, Senor Independienteren aurka jokatuko duen ligako azkeneko partida. Momentu honetan, Amporen atzetik daude sailkapenean, hiru puntutara. Hala ere, neurketa hori baino lehen, datorren astebukaeran, pasa den denboraldiko txapeldun bikoitza eta momenturarte liderra den Silverstorm El Salvador taldeak bisitatuko du Altamira. Ez da partida erreza izango, baina ordiziarrak duten guztia ematen saiatuko dira norgehiagoka bereganatzeko.