Ezkio-Itsasoko Herri Eskolak lehenengo festa ospatu du. Ikuskizun dotorea, bazkaria eta jokoak egin dituzte, elkarlanean. Hirugarren kurtsoan 21 ikasle ditu; gorantz doa

Garai bateko moduan, larunbatean eskola-umeak ikastetxera joan dira. Lezio berezia dute: herrigintza. Bi norabideetan: eskolak herriari zer ematen dion erakusteko, batetik; herritarrek eskola zenbat estimatzen eta behar duten adierazteko, bestetik.
Ezkio-Itsasoko Herri Eskolak lehendabiziko aldiz festa egin du. Larunbatean elkartu ziren ikasle, irakasle, guraso eta hainbat herritar. Ikastetxea barrutik ikusi, azken asteotan han prestatutako ikuskizunak egin, eta lagun giroan bazkaldu zuten.
Ikusi zutenek esanda, saio «ikusgarria» izan zen, eguerdian, eskolakoa. Guraso batzuek ere parte hartu zuten, mozorrotuta. Gero, eskola atzean —lehengo udaletxea— karparen babesean segi zuten festa. Bi mahai luzetan eseri, sukaldariaren aginduz haurrek errespetuzko «on egin» opa, eta platerera. Bazkalondoan bertso batzuk kantatu, eta arratsaldean joko kooperatiboak egin zituzten.
21 ikasle, eta gorantz
Ezkio-Itsasoko Herri Eskola
eskola txiki deritzon izaerakoa da. 21 ikasle dabiltza 2016-17 ikasturtean. Uneko zenbakiak baino gehiago, joerak erakusten du haren sendotasuna, «gorantz doalako». Ezkion 2014ko irailean zabaldu zuten eskola, urte askoan batere gabe egon eta gero. Goierriko ikastetxe berriena da adinez, hortaz.
Bi eta hiru urteko 10 haur hasi ziren, bi irakaslerekin. Hirugarren kurtsorako, bikoiztu egin du ikasleria, baita irakasle kopurua ere (lau ditu). HH Haur Hezkuntza ziklo osoa ematen dute, 5. mailara arte.
Baina etorkizun hurbila oparo dator, eta hori ere ospatu zuten larunbatean. Datorren ikastur-tean, hurrengo zikloa estreinatuko dute Ezkio-Itsasoko Herri Eskolan, LH Lehen Hezkuntza. «Orain dela hiru urte HHn hasi ziren ume haiek, datorren kurtsoan LHra iritsiko dira. Eta hemen jarraituko dute», azaldu du Edurne Bidekieta irakasleak.
LH ere eskaintzeak, haur kopurua haztea ekarriko du: irai-lean 25 izango direla aurreikusi dute, HH5etik lau ikasle igaroko direlako.
Harremanak sendotuz
Festarako ere indarrak batu dituzte. «Herri eta eskola txikiak izanik, harremanak eraikitzen eta sendotzen joatea da festa honen eta halakoen helburua. Denon artean antolatu dugu, gainera», gaineratu du Bidekietak.
Festan ziren haurrak, gurasoak, Ganbara guraso elkartekoak, irakasleak, herritarrak, zinegotziak. Herri osoa, eskola goxatuz.