Ingeniari harrobia 15 urtez
Mondragon Unibertsitatearen Goierri Campusak 15 urte bete ditu. 900 ikasle inguru igaro dira urte horietan.
Ordiziako Mondragon Unibertsitatearen Goierri Campusak 15 urte bete ...
Mondragon Unibertsitatearen Goierri Campusak 15 urte bete ditu. 900 ikasle inguru igaro dira urte horietan.
Ordiziako Mondragon Unibertsitatearen Goierri Campusak 15 urte bete ditu aurten. Urte hauetan guztietan, 900 ikasletik gora igaro dira Ordizian kokatuta dagoen campusetik eta Goierrin industria hain oparoa izanik, tokiko 65 enpresetan baino gehiagotan egin dituzte beren karrera amaierako proiektuak, Goierri campusetik pasatako ikasleek. Goierri Berrikuntza Gunean kokatzen da Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren Goierri campusa. Bertan, gaur-gaurkoz, Mekanikako Ingeniaritza Gradua eskaintzan da, bere osotasunean.
Jose Ignacio Vicente Goierri Campuseko Koordinatzailea da eta hark esandakoaren arabera, «15 urte hauetan, teknologiak, produktuak diseinatzeko beste modu bat ahalbidetu du» eta Goierri Campusaren helburua «etorkizuneko fabriketan ondo moldatuko diren ingeniariak formatzea denez, ahalik eta teknika berritzaileenekin lan egiten saiatzen» dira. Fabrikazio aurreratuan giltzarri den fabrikazio aditiboari loturiko teknologiaren integrazioan murgilduta dago une honetan, Mondragon Unibertsitatearen Goierri Campusa.
Lanbidek egindako egindako inkesten arabera, Mondragon Unibertsitateko ingeniari mekanikoen arteko langabezia tasa, %6,4koa da. Azken bi urteotan, Goierri Campusean gradua bukatu duten 50 ikasletatik bakarrak jarraitzen du lan bila. Emaitza horien arrazoietako bat «inguruko enpresekin mantentzen den elkarlanean oinarrituta» dagoela nabarmendu du Vicentek.
Lehen urratsak
2.000. urteko abenduaren 12an sinatu zuten lankidetza hitzarmena, Goierri Goi Maila Eskolak, Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Eskola Politeknikoak. «Eskualdean dugun ehun industriala kontutan izanda, ingeniaritza ikasketak bertan egin ahal izatea, aukera bikaina zelako sortu zen, Goierrin unibertsitatea egiteko ideia» argitu du Campuseko Koordinatzaileak.
«Lehenengo saiakera bat egin zen, eta Mondragon Unibertsitateari, Goierri eskualdean unibertsitatea jartzeko proposamena egin zitzaion».Baina, «une hartan Mondragon Unibertsitatearen estrategiarekin ez zetorren bat ideia hura, hau da, beste eskualde batean unibertsitatea jartzea, alegia», argitu du Vicentek.
«Eskualdean dugun ehun industriala kontutan izanda, ingeniaritza ikasketak bertan egin ahal izatea, aukera bikaina zelako sortu zen, Goierrin unibertsitatea egiteko ideia»
«Garaietara moldatzen jakin dugu eta horrelaxe egingo dugu etorkizunean ere»
Jose Ignacio Vicente, Koordinatzailea
Denbora gutxira, ordea, «Mondragon Unibertsitateak, estrategiaz aldatu eta aurkeztutako aukera hortan sakontzen hasi» zirela adierazi du Campuseko Koordinatzaileak. 2001.urtean, bihurtu zen errealitate Goierri Campusa.
Sinatutako hItzarmenari esker, Goierrik unibertsitatea izango zuen eta bide berri bat irekiko zitzaien ingeniaritza mekanikoa egin nahi zuten ikasleei. 2001-2002 ikasturtea izan zen lehena eta 82 ikaslerekin hasi ziren. Ingeniaritza Tekniko Mekanikoaren barruan, hiru espezialitate desberdin zeuden eta horietako bat izango zen, Goierri Campusean emango zena; Lotura sistemak titulazioa, hain zuen. Arrasaten emango ziren beste bi espezialitateak.
Horrez gain, beste ingeniaritza titulazioetako lehen maila ere egin ahal izango zen Ordizian dagoen Campusean: Industria diseinuko eta produktu garapenerako ingeniaritza eta Industria antolakuntzako ingeniaritza.
Unibertsitatearen ibilbidean, «2008an indarrean sartu zen Bolonia planak suposatutako norabide aldaketa» nabarmendu du. Plan berriaren ondorioz, «Ingeniaritza Teknikoa desagertu egin zen, eta Ingeniaritza Mekanikoan gradua jarri zen martxan». Goierri Campusarentzat, «gradua ezartzea, oso ona izan» zela aitortu du VIcentek.
Euskal Herri mailan, «gu izan ginen lehenak, gradua ezartzen» adierazi du koordinatzaileak eta erabaki «oso positiboa» izan zela uste du. «Besteak baino pauso bat aurretik joan» zirelako eta horrek «mesede egin» ziela dio.
Mondragon Unibertsitateak estrategia berri bat definitu zuen Bolonia plana indarrean sartzerakoan; «titulazio bakoitzak, bere ikasketa plana definituko zuen handik aurrera», Horrek, «Ordizian ematen zen Ingeniaritza titulazio desberdinetara salto egiteko lehenengo kurtsoa galtzen joatea ekarri zuen», gogoratu du.
Gaur-gaurkoz, Ingeniaritza Mekanikoko Gradoa da Goierri Campusak duen eskaintza. Titulazio «sendoa» dela uste du Vicentek, «eskaera maila ona du eta ondo funtzionatzen ari den titulazioa» dela gehitzen du. Joan den ikasturtean 46 ikasle berrik hasi zuten lehenengo maila. Aurtengo daturik ez dago oraindik, dena den «arrematrikulak oso ondo» doazela argitu du.
Oraina eta etorkizuna
Goierri Campusarentzat «formakuntzatik, ikerkuntzara jauzia oso garrantzitsua»izan dela nabarmendu du. Horrez gain, ikasleak erakartzen dituen beste arrazoietako bat, «internalizazioara bideratzen diren ahaleginak eta baliabideak dira». 2011tik, MUk Goierri Campusean ikerketa proiektuak garatzen ditu Ampo, Irizar Forge, Indar edo GH enpresentzat, besteak beste.
Campuseko koordinatzailearen hitzetan, «15 urte hauetan momentu desberdinetako egoerara moldatzen joan gara eta etorkizunean ere horixe da erronka». Gaur-gaurkoz, «hezkuntza arautuko eskaintza zabaldu nahi» dute, «master bat eskaintzeko aukera aztertzen ari» dira eta horrez gain, ikerkuntza eta berrikuntza arloetan ere sakondu nahi dute, inguruko enpresekin duten harremana sendotzeko.