Goierri bisitarientzat erakusleihoan 20 urtez jartzeagatik omenaldia
Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo, Idiazabal Gaztaren zabalkundean egindako lanagatik eta Goierriko Goitur turismo agentziaren zuzendaritzan egin duen lan emankor eta luzeagatik ere omenaldia jaso zuen Niko Osinaldek (1967, Ormaiztegi), Goiturreko zuzendariak, atzo, Ordiziako Artzain Egunean, udaletxean egindako ekitaldian.
Curriculum luzea du Osinaldek turismoaren munduan, eta ez bakarrik eskualde mailan; Basque Highlands eta Gipuzkoa berdea marken sortzaileetako bat izateaz gain, buru-belarri aritu da lanean horien alde, beste hainbat eta hainbat proiekturen artean. Azkeneko 20 urteak, Goitur eta Goierri han eta hemen ezagutzera ematen aritu da eta «oso pozik» agertu da, atzo Ordizian jasotako omenaldiagatik.
Bisitarien datuak gora
Azken urteotan, turismoa gora egiten ari da Goierrin estatistiken arabera, eta bisitariak erakartzen jarraituko du Goiturrek. Bestalde, Isabel Muela Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, «turismo esperientziak izaten ari diren arrakasta» nabarmendu nahi izan du.
Oporretarako aukera horrek «%68 egin du gora pasa berri den Aste Santuan, aurreko urteekin alderatuta», argitu du. Turistek izan dituzten aukeren artean «Egun batez artzain esperientzia turistikoa izan da salduena», sailburuordeak adierazitakoaren arabera.
2017rako Goiturren egitas-moaren helburu nagusiak, natura eta gastronomiazko produktu turistikoak egonkortzea eta Idiazabal Lurraldea eta Basque Highlands ekimenak sendotzea dira batetik. Produktu eta ekimen turistiko desberdinei egokitutako promozioa ugaltzea da beste helburuetako bat, errezeptibo eta erakunde desberdinekin elkarlanean eta Europako sare turistiko desberdinak baliatuz.