Erlaxazioari eta autoezagutza hizpide gaur, Zumarragan
Josune Mendizabal eta Amalur Peñagarikano herritarrek erlaxazioari eta autoezagutzari buruzko hitzaldia emango dute gaur, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Parte hartzaileei beraien esentziarekin bat egiteko aukera eskainiko diete. Peñagarikano
Josune Mendizabal eta Amalur Peñagarikano herritarrek erlaxazioari eta autoezagutzari buruzko hitzaldia emango dute gaur, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Parte hartzaileei beraien esentziarekin bat egiteko aukera eskainiko diete.
Peñagarikano Urretxun jaio zen, baina urte asko daramatza Donostian bizitzen. Beti izan du gai hauekiko interesa eta ikastaro asko egin ditu. Ahal bezain laster, herritik alde egin zuen. «Gure patua mutil on bat lortzea, ezkontzea eta seme-alabak edukitzea zen, baina nik beste zerbait nahi nuen. Sentimenduei buruz hitz egiteko behar handia nuen eta garai hartan hori zaila zen. Masaje ikastaro bat egin nuen eta gorputzak esateko gauza asko zituela konturatu nintzen. Hortik aurrera, horretan jarraitu nuen. Hau bizitzeko modu bat da».
Mendizabal, Peñagarikanoren iloba Josu Marotoren emaztea da. «Fisioterapia, osteopatia eta Tomatis terapia egin nituen. Asma krisi bat izan nuenean Amalurrengana jo nuen eta ordutik elkarrekin lan egin dugu. Nire koinatu Jonen gaixotasunak gauza asko irakatsi zizkigun eta hori guztia konpartitzea erabaki genuen. Gorputzaz gain, pentsamenduak eta emozioak kontuan hartuta, lanean hasi ginen. Izan ere, gorputzaren min asko pentsamendu eta emozioekin lotuta daude. Irailean taldetxo bat sortu genuen eta orain hitzaldia eman behar dugu».
Ekimena zabaltzeko gogoa dute. «Gorputza erlaxatzen denean, energia burutik gorputzera jaisten da, autorregulazio bat sortzen da, lasaitasuna sortzen da eta isiltasunera joateko aukera dago. Sentitzeko modu berri bat lortzen da. Gorputza sentitzeko modua aldatzen da», dio Peñagarikanok.
Erlaxatzen garenean, pentsamenduak indarra galtzen duela eta gehiago sentitzen dela gehitu du Mendizabalek. «Zerbait irekitzen da eta irekiago zaudenean beste informazio batzuekin konektatzen duzu. Informazio guztia buruan dugula uste dugu, baina informazioak bidaiatu egiten du. Erabiltzen dugun frekuentziaren arabera, informazio batzuekin edo besteekin topo egiten dugu. Irekia egotea eta eboluzionatzea da kontua».
Edukia
Hitzaldian honi guztiari buruz hitz egingo dute, baina beste edozer gai jorratzeko prest daude. «Badakigu zer esan nahi dugun, baina ez zer sortuko den. Prestatutako horretara mugatzen bagara, hori ez da bizitzea. Jendeak galderak egitea nahi dugu. Bizipenak konpartitu nahi ditugu. Izaki sozialak gara eta bestearen iritzia jakitea oso garrantzitsua da ikasteko eta bizitzeko».
Gaur egungo gizartean halako ekimenen beharra dagoela uste dute. «Denok dugu erlaxatzeko eta gure burua hobeto ezagutzeko beharra. Esan diguten hori sinistuta funtzionatzen dugu eta, hala, traba asko jartzen dizkiogu gure buruari. Gure barruko espaziora jo beharra dugu», amaitu dute.