Aldaketa sozialerako "burujabetza osoa" behar dela aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean. Sindikatuak Bilbora joateko deia egin die Goierriko langileei.

Maiatzaren Lehenean,
Langileok. Euskal estatua. Burujabetza osoa aldaketa sozialerako lemapean antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin du Goierriko LAB sindikatuak. Aurten, eskualde mailako protestak egin beharrean, hiriburuetan indarrak batzea da asmoa, eta Goierriko langileei, Bilbora joateko deia egin diete (Iruñean eta Baionan ere izango dira mobilizazioak).
Bilboko manifestazioa Zabalburu plazatik abiatuko da, 12:00etan eta Sabin Etxean bukatuko da, «EAJ, beste behin, euskal herritarroi iruzur egin nahian dabil, 1978an bezela» eta horri «erantzuna eman nahian, langile guztiak deitu» dituzte.
Garai berri baten atarian
LABen ustez, aurtengoa «garai berri baten atariko Maiatzaren Lehena» izan liteke, «Euskal Herrian eta gure mugetatik kanpo izaten ari diren gertakari politikoek, aukera berriak» zabaltzen dituztela adierazi dute. «Kataluniako deskonexio prozesua, armagabetze prozesua edota euskal sindikatuen artean elkarlana berreskuratzeko hasitako bi-deak, aro berri baten erakusle» direla gehitu dute eta «erabakitzeko eskubideak» eta «prozesu demokratikoak» izan behar dute oinarria, sindikatuaren arabera.
Gainera, «estatus berriek egoera soziekonomikoa goitik behera aldatzeko ahalmen eta bitartekoak» ekarri behar dituztela diote, «gure klase interesak defendatzeko baldintza politiko eta instituzional demokrati-koak», hain zuzen ere. «Burujabetza aldarrikatzen dugu lan mundua aldatzeko eta egoera soziala iraultzeko; negoziazio kolektiborako euskal markoa bermatzeko; burujabetza, euskal pentsio sistema baten alde, Euskal Herri feminista eraikitzeko, lan munduan prekarietatearekin bukatzeko, 35 orduko lan astea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ziurtatzeko».
Hori guztiagatik, «politika instituzionalak aldatzeko mobilizazioaren bidea» indartu behar dela uste dute. «Euskal langileok garai berri baten bila goaz, langileon garaia, burujabetzaren garaia, aldaketa sozialaren garaia». Horregatik, «langileok Euskal Estatua» aldarrikatzeko, Maiatzaren Lehenean Bilbora joateko deia egin diote Goierriko langileriari.
Apirilaren 28a
Bihar, ostirala, Laneko Segurtasun eta Osasunaren eguna dela eta, «langile-klaseraren osasuna areago okertu» dela salatzeko mobilizizazioak egongo dira, LAB, ELA, ESK, STEILAS EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, Bilbon 11:00etan Confebask-en egoitzatik aterata. LAB sindikatuak «heriotzak sortzen dituzten lan istripuetan bakarrik ez du jarriko fokoa, bestelako laneko gaixotasunak ere ez» dituzte ahaztu nahi.
Dena den, lan istripuen ondorioz izandako heriotzak gogora ekarri nahi izan dituzte. LAB sindikatuak dituen datuen arabera «Hego Euskal Herrian 53 langile hil ziren 2016an zehar». Aurtengo datuei dagokienez, 2017a hasi zenetik, «20 izan dira hilda-ko lngileak». Istripuetako bat, gainera, Goierrin izan zen, Zegaman hain zuzen ere, martxoaren hasieran.
Bilbora joateko autobusak
Maiatzaren Lehenean Bilbon egingo diren mobilizazioetara joateko autobusa antolatu dute Goierri eskualdetik. Beasaingo Bernedo aparkalekutik aterako da autobusa 10:15ean. Zumarragan, berriz, 10:30ean Elizkalen geldituko da. Astelehenean Bilbora autobusez joateko asmoa dutenek, izena eman beharko dute ohiko tabernatan eta LAB sindikatuaren egoitzetan.