Lazkaoko udal ordezkariek soka-dantza egin dute
Lazkaoko San Prudentzio jaien barruan, zaindariaren eguna dute gaurkoa. Eguraldia lagun, jende ugari bildu da goizeko eta eguerdi parteko ekitaldietan. Plaza inguruak beteta zirela hasi dute udal ordezkariek urteroko soka-dantza, ohitura zaharra jarraituz. Herriko trikitilariek eta txistulariek lagunduta atera dira, eta abilezia gehiago edo gutxiagorekin, denek osatu dituzte pausoak.
Gaur arratsaldetik hasita, festa giroko asteburu luzea dute aurretik Lazkaon. 18:00etan, Oin-Arin dantza taldekoen triki-dantza saioa izango da. Segidan, pilota partidak eta haur eta helduen kros mistoak izango dira. Gauean berriz, musika eskaintza zabala izango dute; plazan EMK Rock Band taldeak joko du, eta txosnetan, Huntza eta Ezten Giro taldeek berotuko dute festa giroa.