Osoko bilkura galderen eta erantzunen atalak hartu du erabakitzeko gairik ez zegoelako. Kale Nagusiko bigarren fasea, kontratazio prozesuak eta kode etikoa izan dira hizpideak
Apirileko osoko bilkuran bozkatzeko gai nagusirik ez da egon eta galderen zein erantzunen atala nagusi izan da. Oscar Valbuena PSE-EEko zinegotziak bere alderdiak Espainiako Legebiltzarrean aurrekontuei jarritako emendakina aipatu du. Emendakin horretan Legazpiko tren geralekua geltoki bihurtzeko proiektua sartu dute eta udal gobernuari proiektua lantzeko eskatu dio. Koldobike Olabidek gaia dagoeneko lantzen ari direla eta Madrilen Adifeko ordezkari batekin biltzekoa dela nabarmendu du; hain zuzen, bilera hori maiatzaren 17an egingo duela adierazi du.
«Egunero 20 tren iritsi ordez, 33 tren iritsiko lirateke Legazpira geltoki bihurtuko balitz eta gaiari heldu diogu jada», esan zuen Olabidek osoko bilkuran. Mikel Altzelai EH Bilduko zinegotziak ohartarazi zuen, «Brinkola ere Legazpi dela ezin ahaztu eta aldaketa horrek nola eragingo lioken». Valbuenak azpimarratu zuen, «ez litzateke Brinkolako geltokia desagertuko, baina egun Zumarragan ibilbidea amaitzen duten hainbat tren Legazpiraino iritsiko lirateke».
Irabaziko Alberto Bezunar-teak kontratazio zuzenen gaia atera zuen eta katramilatu egin ziren gaiarekin. Bezunartea kontratu hauetarako ere aukera bat baino gehiago eskatzearen aldekoa agertu zen. Irabaziko zinegotziak zuzenean kontratatzea «inmorala» dela eta «ez dela gardena» esan zuen eta EAJko Ane Urkiolak bere haserrea agertu zion.
Kale Nagusiaren bigarren fasearen inkesta ere izan zuten hizpide. EH Bilduko Gorka Iñurritegik Agenda 21eko Foroan bozkatu ondoren berriro bozketa bat egitearen arrazoiagatik galdetu zuen, «akaso alkateari emaitza ez zaiolako gustatu da?». Olabidek ezezko borobila eman zion, «foroa organo aholku-emailea da, ez da bertan erabakitzen eta Ilintikoekin egindako bozketan beste aukera atera zenez, legazpiarrei galdetzea erabaki genuen». Proiektu honek ekarritako soka luzeagoa izan zen, udal arkitektoak burutu ez izanak ika-mika sortu zuen EH Bildu eta EAJren artean.
Gobernu onaren kodearen lehen urratsak
Udal gobernuak Etika eta Gobernu Onaren Kodea sinatu du aste honetan. PSE-EEko Oscar Valbuenaren ustez, udal gobernuak kodea sinatu izana “etxea teilatutik hastea” izan da, eta gaia lantzeko bilera bat eskatu du. Zintzotasun Sistema Instituzionala eratu nahi dutela erantzun zion Olabidek, eta eurena hasiera bat izan dela ere esan zuen. Gaiari buruz luze eta zabal hitz egingo dutela agindu du alkarteak.