Legazpiarrak Santikutz jaiak ospatzen ari dira larunbatetik. Atzo, txirrindulari lasterketa, bola txapelketa, haur danborrada, kantujira eta bi disko festa egon ziren. Eguraldiari dagokionez, orain arte denetik egin du, udaberriari dagokion bezala, baina ez dago legazpiarrei ezpainetatik irria kenduko dienik.
Santikutz Klasika, Espainiako Koparako puntuagarria, Lizarte taldeko Sergio Samitierrek irabazi zuen. Bigarrena Elias Tello izan zen eta hirugarrena Alvaro Cuadros. Samitier da Espainiako kopako lider berria. Bola txapelketa, berriz, Josean Ormazabal gabiriarrak irabazi zuen. Herritar onena Jon Orikain izan zen.
Gaur, legazpiarrek Santikutz Bezpera ospatuko dute. 09:30etik 13:30era ganadu feria egongo da. Aurten Kale Nagusian egingo dute, ekitaldia indartzeko. Toki berean, 10:30ean, arkumea prestatuko dute burruntzi erara. 12:00etan, berriz, xexenak eta poniak egongo dira Euskal Herria plazan, gaztetxoentzat. 12:30ean 5. sagardo dastaketa hasiko da Kale Nagusian. Hiru sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera egongo da: Hernaniko Iparragirre, Zeraingo Oiharte eta Usurbilgo Urdaira. Sagardoa burura igo ez dadin, 13:00etatik aurrera Gure Esku Dagokoek arkume pintxoak salduko dituzte salgai, 2 eurotan.
Arratsaldean ere hainbat ekitaldi egongo dira. Hasteko, 16:00etan herri mailako plater tiraketa egingo dute Urtazar tiro zelaian. 17:30ean Go!azen dantzatzera eta abestera karaoke eta dantzaokea egongo da plazan. Ikuskizun parte hartzaile hau Go!azen telesailekoek prestatu dute eta hiru aktore arituko dira aurkezle lanetan: Lorea Iribar (Nora), Haritz Morras (Urko) eta Asier Burgete (Markel).
19:30ean herri kirol jaialdia egongo da plazan. Iparraldeko jokoak egingo dituzte, La Salle eskubaloi taldeak sustaturik. 23:00etan herri danborrada irtengo da, Laubidetik. Plazara heltzen direnean, gauerdian, herriko bandera jarriko dute. Bukatzeko, 00:30ean Zo-Zongo taldeak Psycho-Clown ikuskizuna eskainiko du herriko kaleetan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.