'Ni naiz Beasain' kanpaina ari da burutzen Bareak elkartea udalaren babesarekin. 170 establezimenduk paper beltzez estali dituzte erakusleihoak. Hausnarketa eragin nahi izan dute

Igandean eta astelehenean itxura «tristea» izan zuen Beasainek; merkataritzarik gabeko, ostalaritzarik gabeko herria irudikatu baitzuten herriko 170 establezimendu baino gehiagok, erakusleihoak paper beltzez estalita, eta
Horrelako herria nahi duzu? galdera egiten zuen kartelak itsatsita. «Horren emaitza bizitzarik gabeko herria, jarduerarik gabekoa, tristea izan da. Bizitzeko nahi ez dugun Beasain, hain zuzen ere», adierazi zuten atzo prentsa agerraldian Bareakeko kideek eta udal ordezkariek. Herritarrak «hunkitu» nahi izan zituzten, «merkataritzak ematen dituen argirik eta bizirik gabe irudikatzea nahi izan dugu, bertako merkataritzaren garrantzia aldarrikatzeko».
Atzo, berriz, bestelako irudia zuen Beasainek, dendek erakusleihoetako paper beltzak kenduta eta
Ni Naiz Beasain mezu positibodun kartelak jarrita. «Merkataritzak, zerbitzuek eta ostalaritzak Beasaini eskaintzen dioguna zer den gogorarazten diguten kartelak jarri ditugu, izan ere, askotan ez gara konturatzen herrian kontsumitzeak zer inplikatzen duen», gaineratu zuten.
Ekonomia suspertu
Hain zuzen ere, herrian bertan erosketak egiteak eta kontsumitzeak «bertako ekonomia suspertzea» dakar; «dirua herrian geratzen da eta lana sortzen da. Lokalak itxita egon ezean, eta negozioak aktiboak badira, gure kaleak seguruagoak eta alaia-goak dira». Horrekin batera, «kalean bizitza gehiago dago, Beasain bizitzeko leku hobea izanez». Horrekin batera, merkata- ritzak herriaren izaera «sendotzen» duela aldakarrikatu dute, «nortasun propioa ematen diogu. Txikiak gara baina aldaketara egokitzen gara bezeroek eskatzen dutena eskainiz, beti ere ahalik eta arreta onena eskainiz».
Beraz, beste behin ere,
Ni naiz Beasain kanpainarekin, merkataritzarik gabeko herririk nahi ez dutela, Beasain herri bizi eta seguru bat nahi dutela, eta lanpostuak sortzen eta bertako ekonomia dinamizatzen jarraitu nahi dutela aldarrikatu nahi dute Bareak-ek eta udalak.