Saskibaloi taldeko mutilek EBA ligara igotzeko Lauko Finala jokatuko dute
Larunbatean 17:00etan kalejira egingo dute Plaza Nagusitik Majori kiroldegira. Lauko Finalaren irabazlea Baskoniarekin batera igoko da EBA ligara datorren denboraldian
Ordiziako saskibaloi taldeko mutilek denboraldi bikaina egin ondoren, EBA ligara igotzeko lauko Finala jokatuko dute datorren astebukaeran, herriko Majori kiroldegian. Hori dela eta, hainbat ekintza prestatu dituzte larunbatari begira.
Larunbatean 17:00etan Plaza Nagusian trikitilariak eta Azatxo maskota zain egongo dira Majorira kalejiran joateko. Taldeak zaletu guztiak gonbidatu nahi ditu kalejiran parte hartzera. Majorira iritsi eta igerilekuko terrazan txokolatada egingo dute, indarrak hartu eta arratsalde osoan zehar taldeari animoak emateko.
Larunbateko hitzordu nagusia 18:30ean hasiko da: Biok 2.com Ordizia eta CD San Cernin taldeen arteko partida jokatuko da. Ordiziarrock elkarteko kideak eta Azatxo arratsaldea girotzen saiatuko dira. Norgehiagoka bukatutakoan bigarren finalerdia jokatu da, Universidad Deusto Loiola Indautxu eta Getxo Saskibaloi taldeen artean.
Igandean ere izango dira partidak, larunbatean jokatutako bi finalerdietako irabazleek 12:00etan final handia jokatuko baitute. Norgehiagoka irabazten duena Fundacion 5+11 Baskonia taldearekin, ligan mailaz igotzeko txartela lortu zuen taldearekin, EBA ligara igoko da.
Asteburuko ekintzak aurkezteko Barrenan egindako agerraldian, Joseba Caballero klubeko zuzendaritzako kideak adierazi bezala, «denboraldiko 26 jardunaldi jokatuta, hona iritsi diren taldeak indartsuenak dira». Denboraldi luze baten ondoren, Baskonia kenduta, ligako lau talde onenak egongo dira Majorin, beraz, «joko ikusgarria» da bertan ikustea espero dena.
Asteburuari begira
Ordiziako mutilek San Cernin taldearen aurka jokatuko dute larunbatean. Denboraldi honetan, denbora luzez, bigarren eta hirugarren tokian egon diren taldeak dira biak. Talde nafarrak ligako azkeneko bi partiduetan jasandako bi porrotek bosgarren tokiraino eraman dute. Hala ere, Ordiziakoei, joko aldetik, «okerren» datorkien taldea da San Cernin. Partida irabazi eta mailaz igotzeko aukerak izan nahi badituzte, kontuz ibili beharko dira goierritarrak.
Nafarroakoa, «talde beteranoa» dela argitu du Caballerok eta «barruko joko indartsua» dutela gehitu du. Horrez gain, «jokalari oso altuak dituzte, eta ACB-n (Endesa liga) jokatutako jokalari bat ere badute beraien artean».
Ordiziarrek joko azkarra nahiago izaten dute, nafarrek, aldiz, motelagoa. Goierrikoak beren erritmoa jartzen saiatuko dira, «modu horretara aukera gehiago» izango baitute garaipena lortzeko.













