Beasaindarrak kalera atera dira euskarazko liburu bat eskuan dutela, 'Kalea liburu ireki bat da' goiburupean. Dolarea parkea sorkuntzaren eszenatoki bilakatu da egun batez.

Herritarrak kalejiran joan ziren igandean Ezkiaga auzotik Dolarea parkera. // Arg: Juantxo Unanua
Beasainek igande eguerdian ikuskizun berezia bizi zuen. Adin, jatorri, ideologia ezberdinetako irakurleak elkarrekin, Ezkiaga auzotik Dolarea parkeraino joan ziren, eskuan lagun berezi bana zutela: euskarazko liburua. «Euskal liburuaren, euskararen, eta sormenaren udaberritzearen lekuko izan zen atzo Beasain», laburbildu du Ekaitz Goikoetxeak, Herri Ekimena taldeko antolatzaileak. «Eguraldia lagun, sekulako jendetza bildu ginen, 300 bat lagun, eta hori Herri Urrats, eta Dantzari Txiki egun bat baino gehiago zirela, besteak beste. Oso harro eta gustura etxeratu ginen. Oso beteta. Atzokoa ikaragarria izan zen».
CAFetik hasi eta Dolarea arteko ibilbidea «zoragarria» izan zen Goikoetxearen esanetan, «Beasaingo txoko ezberdinetan, bankuetan eserita, parkean, lurrean, zenbat ume, gazte, guraso, irakasle eta heldu biltzen ziren euskal liburu banarekin txistulari eta trikitilariek girotutako kale-jirara». Oso koloretsua eta anitza izan zen ekintza, bai adinari dagokionez, bai jaioterri edo jatorriari dagokionez ere: «Ederra izan zen etorkinak ere zenbat eta zein gustura eta eskertuta biltzen ziren kalean zeharreko jende andanara». Goikoetxeak zehaztu duenez, «hori izango litzateke gehien aipatu zen beste hitzetako bat, esker ona, horrelako ekitaldi bat antolatu izanagatik, sekulako poza hainbeste jende bildu ginelako, eta horrelakoak urtero errepikatzeko nahia».

Dolarea parkean irakurtzen // J. Unanua
Dolarea parkean
Dolareako bukaerako ekitaldia ere «ikaragarria» izan zen, «ikaragarri jendetsua eta polita». Eskoletako ordezkariak beren testutxoak irakurtzen, dantza, bertsoak, olerkiak, Kantu-jira, margolariak… «Jende guztiari sormenerako gune ezin aproposagoa iruditu zitzaion eta sonorizazio bikaina duena. Lantegietako ordezkariei liburu-banatzea ere oso ederra izan zen».
Hurrengo erronkari begira
Antolatzaileak oso gustura daude, beraz, emaitzarekin, «lan handia egin dugu hau ondo ateratzeko eta irudikatu baino are ederrago eta beteago atera da», nabarmendu du Goikoetxeak. Orain, hurrengo erronka prestatzen ari dira, ekainaren 17koa: Goierriko Irakurle Taldeen I. Topaketa eta Joan Mari Irigoieni omenaldia.
Irigoienen
Consummatum est liburua irakurriko dute irakurle taldeetakoek; 100 lagun baino gehiagok irakurtzea lortu nahi dute. «Eta lortuko dugulakoan gaude. Joan Mari oso hunkituta eta ilusionatuta dago gure ekimenarekin, eta bertan izango dela aurreratu digu».