Alkoholaren prebentzioa familiatik bertatik lantzeko gonbitea
Ixone Azkarregik hitzaldi irekia egingo du bihar 18:00etan Usurben, gurasoei zuzendua. DBHko ikasleekin ere lanketa egin dute kontsumo ohituren inguruan
Herrietako jaietan izan ohi diren alkoholaren kontsumo neurrigabea eta indarkeria sexista erasoak ekiditeko, hainbat prebentzio kanpaina egiten ari da Beasaingo Udala, Loinatz jaien atarian. Alkoholaren gehiegizko kontsumoaren harira, Sasoian SL enpresaren eskutik, DBH 2, 3 eta 4. mailetako ikasleekin heziketa saioak egin dituzte; bihar, 18:00etan, gurasoei zuzendutako hitzaldi irekia egingo du Ixone Azkarregi teknikariak.
Ikastetxeetan egin den lanketari dagokionean, lehenik eta behin kontsumo ohituren inguruko inkestak egin dizkiete DBHko ikasleei. Beasainen, beste lekuetan gertatzen den bezala, «gazteek probatzen eta kontsumitzen duten lehenengo droga alkohola da; ondoren tabakoa eta kanabisa datoz». Alkoholarekin lehenengo harremana «familian izaten dute».
Alkoholari dagokionean, azken urteetan droga teknikariek nabaritu dute aldaketa nabarmen bat: «Normalean alkohol destilatuak edaten dituzte; vodka beltza, rona…». Horrekin lotuta, «ez da kantitate gehiago edaten dutela, edateko era aldatu da. Lehen fermentatua edaten zen, kalimotxoa, garagardoa… baina hori zaharrena omen da. Destilatuak edateaz gain, denbora laburragoan kantitate asko edaten dute. Hortik datoz datozen ondorio horiek».
Gomendioak
Behin ikasgela bakoitzeko argazkia eduki ondoren, «gela bakoitzeko emaitzaren arabera, gomendioak ematen dizkiegu gazteei». Kontsumoa dagoen ka- suan, «arriskuen murrizketa lantzen dugu, eta edatea erabaki badute, eta nahiz eta nik arriskuez hitz egin, neurri batzuk hartu behar dituztela adierazten diegu». Hala, «saiatu destilatuak ez edaten, saiatu fermentatuak edaten, saiatu apurka-apurka edaten, ez da berdina 12-13-14 urte edo 18 edo 30 urte edukitzea, bakoitzaren pisua kontuan hartu behar da, jan den ala ez…» bezalako mezuak helarazten dizkiete. «Edatera ohitu gabe badago, ezin duela ohituta dagoen batek adina edan ere esaten diegu». Kontsumorik ez badago edo kontsumo gutxi badago, «alkoholaren inguruko mitoetaz hitz egiten dugu, talde presioa lantzen dugu, kuadrillak presionatzen duenean horri nola aurre egin, gizarte trebetasunak lantzen ditugu, emozioen kudeaketa…».
Gurasoak eta koherentzia
Dena den, Azkarregik aitortu duenez, «drogaren teknikoak garenoi gertatzen zaigu, geletara diskurtso batekin joatea, baina ikasleek kalean diskurtso horren aurkako errealitatea topatzea; eta hor sartzen dira gurasoak. Gurasoek ez dute nahi beraien seme-alabek edatea, baina guk geu gure aisialdia, guraso modura eta bai Euskal Herriko biztanle modura, edozein jai, aisialdiko edozein aitzakia… kontsumorako erabiltzen dugu». Era horretan, gurasoei, «koherentziaz» jokatzeko eskatzen diete: «Gu ez gaude alkohola satanizatzen, koherentzia bat eskatzen dugu: tabernatan ezin badute alkohola edan, ezin dira sartu; ezin badute lagunekin edan, etxean ere ezin dute edan. Testuinguruak, eta gurasoak hor daude, ez du laguntzen prebentzio horretan».
Alkohola beste droga mota bat dela eta adikzioa sor dezakeela kontuan izanda, gurasoei ondorengo gomendioa luzatu die Azkarregik: «Koherentziaz jokatzea, kontsekuntea izatea, nerabeaz enpatizatzea, komuni- kazioa eta alkoholaren inguruan ikuspegi objektibo bat izatea». Azkarregik azpimarratu duenez, «gogorra da esatea, baina baldin badakizu zure seme-alabak edaten duela, guraso modura jarraibide batzuk eman, kontsumo hori arduratsua izateko. Hori guraso modura gogorra da, baina nerabeek hartzen dute erabakia eta guraso modura hor egon behar zara. Jakina, muga batzuk jarrita eta zure desadostasuna agertuta seme-alabari».













