Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak, Zegamako Udalak eta Orkatz abesbatzak Jabier Otaegi formazio koralerako beka sortu dute. Otaegi, Zegamako Orkatz abesbatzaren sortzailea eta zuzendaria, iazko maiatzean zendu zen.Bere izena daraman bekaren helburua ko...

Zegamako Kultur Etxeari Jabier Otaegi izena jarri zioten iazko azaroan. // Iñaki Gurrutxaga
Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak, Zegamako Udalak eta Orkatz abesbatzak Jabier Otaegi formazio koralerako beka sortu dute. Otaegi, Zegamako Orkatz abesbatzaren sortzailea eta zuzendaria, iazko maiatzean zendu zen.
Bere izena daraman bekaren helburua koru musikako formakuntza da. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan federatutako abesbatzetako partaideei zuzendua dago. Kurtso, mintegi, formazio tailer edo sinposioetara joateko aukera izango dute, bai bertan eta baita nazioarte mailan ere, baldin eta ekintza hauek koru musikarekin zerikusia badute.
Epaimahaiak koru musikan duen esperientzia eta merezimenduak baloratuko ditu. Baita eskatzailearen adina eta egoera ekonomikoa ere. Zegaman erroldatua egotea eta Orkatz abesbatzako kide izatea ere positiboki baloratuko da.
Jabier Otaegi bekaren urteko diru kopuru osoa 1.800 eurokoa da. Epaimahaiak erabakiko du nola banatu eta zenbat eskatzaile ezberdini eman. Diru laguntzak ez du egindako ikasketen matrikularen edo formazio ekintzaren gastuaren %80a gaindituko.
Eskaerak aurkezteko epea
Eskaerak ekainaren 8a baino lehen bidali behar dira, Gipuzkoako Abesbatza Federazioaren helbide elektronikora:
info@federagaf.net.
Bekaren ebazpena apelaezina izango da eta antolatzen duten hiru erakundeetako ordezkariek osatutako epaimahai batek erabakiko du. Eskatzaileei hartutako erabakiaren berri emango zaie eta Gipuzkoako Abesbatza Federazioko webgunean ere argitaratuko da.