Loinatz jaiak: Berandu, baina seguru
Gaurtik ekainaren 4ra bitartean ospatuko dira Loinatz festak Beasainen. Norberarekiko eta elkarrekiko errespetuz jokatzeko deia egin du alkateak. Txosna gunean gaur hasiko dira jaiak
Izan ere, aurten, «kontzertuez eta parrandaz gain», edukiz jantzi nahi izan dute Txosna gunea, eta ekintza ugari antolatu dituzte. «Astetik asterako tartea ere bete nahi izan dugu hitzaldiekin, eta goitibehera txapelketa ere antolatu dugu», nabarmendu dute Txosna batzordeko kideek. Musikari dagokionean, herriko taldeek izango dute aukera lehenengo ostiralean; bigarren ostiralean, berriz, neskez osatutako taldeen kontzertua izango da. Haurrak eta familiak ere erakarri nahi dituzte Txosna gunera. Horretarako, igandean, 11:00etatik 13:30era bitartean, kulturarteko tailerrak egingo dituzte haurrentzat Kolore Guztiak Elkarteak antolatuta: kamisetak margotu, tea, izen arabiarrak idatzi, aurpegi margoketak… «Mundu guztia dago gonbidatuta, eraso sexistarik, arrazistarik eta homofoborik onartuko ez den gunera», diote antolatzaileek.
Zirkulazioan aldaketak
Festa egunekin batera etorri ohi dira zirkulazio aldaketak ere. Batetik, hilaren 27an, 29an eta 30ean eta ekainaren 3an, ez da TAO zerbitzurik egongo. Bestetik, aparkalekuei dagokionean, Bernedo Eneko aparkalekuaz gain, Renfeko nasan dauden aparkalekuak eta Senpere merkatal zentrokoak erabiltzeko aukera izango da. Zaldizurreta kaleko bidegurutzea Ordiziarantz itxita egongo da festa girorik handiena dagoen orduetan. Udaltzaingoak, azkenik, diru zorro eta sakeleko telefonoekin arretaz ibiltzeko deia egin du.
Bareak-en ‘Non dago Mari?’ kanpaina
Bareak elkartearen Non dago Mari? kanpainaren barruan, ekainaren 3ra arte, Mari sorgina Bareak-eko hiru denden erakusleihoetan ezkutatuta egongo da. Mari aurkitzen dutenek, dendara sartu eta Mari ikusi dutela esan behar dute, eta «ziurtagiri bat emango zaie.?Hiru ziurtagiriak biltzen dituzte-nean, Bareak-en bulegora eraman eta saria jasoko dute». Bareak-ek iragarri duenez, «Mari joan den urtean baino bihurriago dago aurten eta dendaz denda mugitzen joango da».
Barraken prezioak iazko berdinak izango dira
Barraken prezioan ez da igoerarik izango aurten ere; 2014tik ez da igo. Haurren barrakek 1,70 euro balioko dute eta helduenak 1,90 euro. Sei bidaiako bonoak, 7 euro balio du.
Pilota txapelketa herrikoiko final erdiak, bihar
Ezkuz binakako pilota txapelketako final erdiak jokatuko dira bihar, 19:00etan, Gernika pasealekuko pilotalekuan. Batetik, Ando-Saltsamendi Kuman-Salinasen aurka ariko dira, eta bestetik, Urte-Goikoetxea, Aranburu anaien aurka. Finalak astelehenean dira, 12:00etan.
Heriotzik gabeko amuarrain eta barbo arrantza lehiaketa
Igandean, 09:00etatik 12:00etara, heriotzik gabeko amuarrain eta barbo arrantza lehiaketa egingo du Aitz Zorrotzek, Igartza inguruan. 08:30ean irekiko dute izena emateko aukera. Bi maila daude: 11 urte arte eta 12-14 urteko artekoa. Derrigorrezkoa da federatuta egotea.
EGITARAUA:
- BIDEOA: Festetan ere, ‘Ez da Ez’













