Klima aldaketa eta garraio publikoa, etorkizuneko erronken artean
Ingurumenaren Munduko Egunarekin bat eginez, Fokatu Urola Garaia argazki lehiaketako sariak banatu eta Urolamet 2050 plana aurkeztu dute lau udalek. Ikasleek ere klima aldaketaren gaia landu dute Agenda 21 egitasmoan.
Legazpiko udaletxeko areto nagusian elkartu ziren herenegun arratsaldean Goierri garaiko lau udaletako zinegotzi bana eta Fokatu Urola Garaia argazki lehiaketako irabazleak. Udal ordezkariek klima aldaketaren gaia hartu zuten hizpide eta argazki lehiaketako partehartzaileek gai bera irudi bihurtzeagatik jaso zituzten sariak. Bide batez, ikasleek Agenda 21ean landu duten gaia izan denez gero, haiek egindako eskaeraren berri eman zuten. Hain zuzen, udalei eskatu diete garraio publikoa bultzatu dezatela.
Eric Galvez Legazpiko Udaleko ingurugiro zinegotzia izan zen hitza hartzen lehena eta herenegun Ingurumenaren Munduko Eguna zela gogoratu zuen hasteko: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrei informazioa ematea eta udaletxeetan isurketak murrizteko nahiz klima aldaketara egokitzeko planak egitea». Plan hori lantzen ari dira Goierri garaiko udalak.
Jon Albisua Urretxuko ingurugiro zinegotziak ikasleen es-kaeraren berri emateaz gain, haiek hartutako bi konpromisoak zeintzuk diren esan zuen: «Adierazi digute eskolara oinez, patinetez edo bizikletaz joango direla eta jendea garraio publikoa erabili dezan animatuko dutela. Bestetik, argindarra, ura eta papera arduraz erabiliko dutela esan digute».
Antonio Navarro Zumarragako zinegotziak lau udalek martxan jarriko duten Urolamet 2050 kanpainaren berri eman zuen. Sentsibilizazio kanpaina bat da, «aldaketa klimatikoa gera ezina dela onartuta, zer egin dezakegu ondorioak arindu edota aurre egiteko?». Kanpaina ekainean bertan jarriko dute martxan: hilaren 15ean, osteguna, Urretxuko azokan, hilaren 16an, ostirala, Legazpikoan eta hilaren 17an, larunbata, Zumarraga-koan. «Aldaketa klimatikoa ez da urrun gertatzen ari den zerbait, ezta epe luzean gertatuko dena ere», esan zuen Navarrok.
Sari banaketa
Azkenik, Iñaki Mendiguren Ezkioko zinegotziari egokitu zitzaion Fokatu Urola Garaia lehiaketako saridunak aurkeztea. Gazteen mailan Ainhoa Gracia legazpiarrak irabazi zuen. Helduetan Iker Gutierrez legazpiarrak lehen saria jaso zuen, bigarrena Carlos Mediavilla urretxuarrak eta hirugarrena Pablo Perez urretxuarrak.
48 gazte
Fokatu Urola Garaia argazki lehiaketara lanak aurkeztu dituzten gazteen kopurua. Guztira 52 lan bidali dituzte.
Helduak. Helduen mailan 13 ln jaso dituzte eta parte hartzaile horien artean 33 argazki bidali dituzte guztira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.