Urrup taldeak San Adriango pasabidearen historia antzeztuko du
Uztailaren 2an Urrup antzerki taldeak San Adrian pasabidearen historia antzeztuko du han bertan. Egun horretan, Zegamako herriak Aizkorriko Lagunen eguna ospatuko du.
Hitzordua 10:30ean izango da, Aldaola aparkalekuan, Otzaurtetik lau kilometrora. Ondoren, igarolekura joango dira gidari batekin. Horrek, San Adrianen historia azalduko du. Antzezpena 11:15ean izango da.
Goierriko Urrup antzerki taldeak eskarmentu handia du eta bigarrengoz bihurtuko du antzoki Aizkorri-Aratz natura parkea.
Unescok gizateriaren ondarea izendatu du San Adriango igarobidea. Pasabide hori estrategikoa izan da urte luzeetan eta Euskal Herriaren historian toki garrantzitsua du.
Koba berezi horrek biztanle ugari izan ditu historian zehar. Batzuk bere barnean bizi izan dira, beste batzuk bertatik igaro dira…
Urrup taldeak pertsonaia horien guztien bizipenak antzeztuko ditu igarolekuan bertan. Kobak eskaintzen duen giro misteriotsuak lagunduta, iraganera salto egingo dute.
Pertsonaia ezberdinak ezagutzeko aukera egongo da: historiaurreko gizakia, Erdi Aroko erregea, erregina eta printzesa, lapurrak, artzaina, erromesa eta apaiza.