Bederatzi gaztek hartu dute Legazpiko Gaztetxeko lema; 17 eta 19 urte bitartekoak dira. Ikasturtea amaitu dute eta udan egunero irekita egongo da. Gazte asko dabil eta pozik daude.
Urteetan «zerbitzariak behar dira» zioen kartela jarrita egon da Legazpiko Gaztetxeko barraz beste aldean. Kartela kendu berri dute. Izan ere, bederatzi lagunek konpromisoa hartu eta Gaztetxea udan irekita egongo dela bermatuta dago. 17 urtetik 19 urte bitarteko gazteak dira Gaztetxea kudeatuko dutenak. Haien atzetik gazte gehiago etorri dira, horietako asko sekula bertara sartu ez direnak.
Gaztetxeko mahai lauki luze baten buelta lepo dago ostiral goizez. Mahaiaz gain, beste hamar bat lagun barra inguruan daude. Maddi Ugarte Gaztetxearen kargu egin den lantaldeko kidearen hitzetan, «espero baino jende gehiago dabil egunero». Dioenez, «beti izan dugu irekitzeko gogo hori, baina ikasketak tarteko zaila zen konpromiso hori hartzea». Orain, ikasketa sasoia amaitu da eta «gure adineko jendearekin hitz egin eta gero, guztiok beharra ikusten genuenez, irekitzea erabaki dugu».
Ekainaren 19an ateak zabaldu aurretik, buru-belarri ibili dira Gaztetxea garbitzen eta dena prestatzen. «Aspaldi Gaztetxera zetorren jendea itzuli egin da eta gure belaunaldiko jende berria etortzen hasi da. Hori da guk nahi genuena», dio Ugartek.
Ekintza berriak
Gaztetxean soilik «mota bateko» jendearentzat tokia zegoenaren garai bateko ustearekin amaitu nahi dute, «guk erakutsi nahi dugu ez dela horrela, lanean gaudenak irekiagoak gara eta datozenak lotsa gutxiagorekin datoz».
Ostiraletan pintxo potea egingo dute jendea erakartzeko eta astean behin, arratsaldez edo gauez, kontzerturen bat izango da; gainera, «billarra daukagula baliatu eta lehiaketak antolatuko ditugu».
Gaztetxeko beterano talde bat dago barra ondoan, uda ondorenean Gaztetxearen ateak zabalik jarraituko dutenaren itxaropena daukate, «gakoa da Legazpiko gazteek Gaztetxearen beharra sentitzea», dio Gazte Asanbladako kide batek. Irria atera zaio zerbitzariak behar direnaren kartela dagoeneko ez dagoela esan duenean.