'Humor amarillo' saioaren antzera, Hori Umorea antolatu dute Ordiziako lau gaztek. Larunbatean, Oiangun izango da eta dagoeneko 130 lagunek eman dute izena

Ezkerretik eskubira, Unai Korta, Silvia Sanchez eta Aritz Garcia, Oiangun. // Goierri Telebista
Ordiziako gazte ikasle talde batek Hori Umorea ekitaldia antolatu du. Uztailaren 8an, datorren larunbatean izango da, Oiangun, 09:00etatik 19:00ak arte. Kuadrillen arteko txapelketa eta ekitaldia izango dira, hain zuzen,
Grand Prix eta
Humor Amarillo programetatik hartutako ekintzak oinarri hartuta. Ordiziako Udalaren eta eragile askoren laguntzaz prestatzen ari dira ekimena.
Aritz Gartzia, Unai Korta, Silvia Sanchez eta Aitor Ochoa, Mondragon Unibertsitatean, Leinn (Lidergoa Ekintzailetasuna eta Innobazioa) ikasten ari dira. Graduaren barruan, proiektu bat jarri behar izan dute martxan eta Hori Umorea saioa etorri zitzaien burura. Ordizian horrelako zerbait posible zela pentsatu zuten. Bi hilabete lanean jardun ostean, eguna gainean da eta azkeneko egun hauetan, Oiangun bertan, jokoak burutzeko beharrezkoak diren azpiegiturak jartzea baino ez da falta.
Goierriko jendea Oiangura gerturatuz, parkearen «bizitasuna sustatzea» da helburuetako bat. Horrez gain, «kuadrillen arteko kultura eragin» nahi da, «lehia eta dibertsioa nahastuz». Eta, kirolean oinarriturik ez dagoen ekitaldi bat izanik, «emakumeen parte hartzea hazi» egingo dela espero dute eta nahi dute antolatzaileek. Baina batik bat, «larunbatean jendeak ondo pasatzea eta barre egitea» bilatzen dute.
Oianguko gune desberdinetan gauzatuko dira probak, 16 guztira, goizean eta arratsal-dean. Ikusle gisa joan nahi duenak ere aukera izango du, sarrera librea baita. Bazkaltzeko atsedena ere egingo dute, izan ere bazkaria bertan emango zaie parte hartzaileei. Eta egun guztian zehar musika eskainiko dute. Herriko taldeen emanaldia eta DJak egongo dira, besteak beste. Sari banaketa arratsaldean egingo dute.
Izen ematea zabalik
Izen-ematea zabalik dago bihar arte. Dagoeneko 13 taldeen, hau da, 130 lagunen parte hartzea bermatuta dago. Ez da ordiziarrentzat soilik; beraz, edozein taldek parte har dezake. Talde bakoitzak hamar kide izan behar ditu gutxienez, denak 16 urtetik gorakoak. Izena emateko 6 22 871 852 telefonora deitu edo Ordiziako Haka tabernara joan behar da.
Eguraldia lagun izatea baino ez dute espero eta horrela izango dela dirudi. Hortaz, «ez dago aitzakiarik eguna Oiangun ez pasatzeko era batean edo bestean».