Hotz Legazpi Itsas Salbamendu Humanitarioarekin elkarlanean ari da
Kanpaina berria jarri dute martxan. Itsulapikoak jarri dituzte Legazpiko 37 gunetan. Diru horrekin Mediterraneoan erreskatean ari diren barkuak finantzatu nahi dituzte
Aurreko otsailean manta eta lo-zaku bilketa antolatu zuen Hotz Legazpi taldeak SOS Siria Urretxu-Zumarraga taldearekin batera. Trailer bat bete zuten Goierri garaiko bizilagunek emandakoarekin. Otsailean bertan Beti Gazte elkarteak Itsas Salbamendu Humanitarioko kideen hitzaldia antolatu zuen Legazpin eta orduan Cristian Rodrigez Hotzeko kideak errefuxiatuei laguntzeko modu eraginkorrena zein izan daitekeenaren gainean hausnarketan ari zirela azaldu zuen. Hausnarketa horren emaitza da Legazpin abiatu berri duten kanpaina. Oraingoan Itsas Salbamendu Humanitarioko kideekin elkarlanean ariko dira eta haiek martxan jarritako kanpainarekin bat egingo dute. 37 itsulapiko jarri dituzte Legazpiko denda, taberna zein bestelako guneetan.
Proiektuan Itsas Salbamendu Humanitariorekin batera Proem-aid Sevillako suhiltzaile boluntario elkarteak parte hartzen du. Helburua salbamendu lanak diruz laguntzea da, izan ere, erreskateak egiteko barkuek eragiten duten mantenu gastua ez da makala. Lau hilabeteko mantenua finantzatu nahi dute.
Barku bat, itsulapiko bat
Kanpainan salbamendu barku bakoitza itsulapiko batekin alderatu dute eta itsulapiko bakoitzeko 100 euro jaso nahi dituzte gutxienez. Hartara, Mediterraneoan lanean ari diren itsasontzien lana metatu eta eraginkorragoa izango delakoan baitaude. Hotz Legazpitik diotenez, «neurri honek itsasoan hiltzen ari den errefuxiatu kopurua gutxitzen lagundu dezake. Egun jasotzen diren gorpu kopurua ezagutzen da, baina ez dakigu zenbat diren desagertutakoak».
Hotz Legazpikoek azken kanpainak Asociacion de Apoyo al Pueblo Sirio (AAPS) elkartearekin batera burutu dituzte SOS Siria Urretxu-Zumarraga taldearekin elkarlanean. Otsailean bildutako mantak eta lo-zakuak apirilean bidali zituzten elkarte horren bitartez Siriara. Kezkatuta zeuden, halere, bidalketa bera bidalitakoa baino garestiagoa izanagatik. «Kontuan izanda zeinen zaila den gatazkan dauden Siria bezalako lurraldeetara materiala bidaltzea, Itsas Salbamendu Humanitario taldearekin lanean hastea erabaki dugu», diote Hotz Legazpitik.
Itsas Salbamendu Humanitario taldeko boluntarioak Mediterraneoan egiten ari diren lanari segida eman ahal izateko diru bilketa kanpaina egiten ari dira eta Hotzek Legazpira ekarri nahi izan du kanpaina hori.
Otsailean Goierri garaian egindako kanpainan bildutako 4.000 euroak ere Itsas Salbamendu Humanitario taldeari eman dizkiote Chios irlara (Grezia) iristen ari diren errefuxiatuei osasun arreta eman eta irlan haien estaldura bermatzeko.













