Zeinu hizkuntza oso gertutik bizi du Ainhoa Moiua (Beasain, 1982) ikerlariak, hainbat arlotan aritu baita. Interprete gaiek eta gorrek edukiak nola osatzen dituzten aztertu du Ikergazte kongresurako.Zeinu hizkuntza erabiltzerako garaian, gorrek eta int...
Zeinu hizkuntza oso gertutik bizi du Ainhoa Moiua (Beasain, 1982) ikerlariak, hainbat arlotan aritu baita. Interprete gaiek eta gorrek edukiak nola osatzen dituzten aztertu du Ikergazte kongresurako.
Zeinu hizkuntza erabiltzerako garaian, gorrek eta interprete gaiek testuen azpiegitura eta edukien ekoizpena nola egiten duten aztertu duzu.
Zeinu hizkuntza ez da asko ikertu orain arte. Gramatikalki bai, esaldien egitura-eta aztertu izan da, baina ekoizpen osoari dagokionean oso ikerketa gutxi daude eginda. Zeinu hizkuntza bigarren hizkuntza bezala ikasten ari diren ikasleek beraien ekoizpenak nola egituratzen dituzten aztertzerakoan, zailtasun batzuk dituztela ikusi dugu. Baina ez genuen hor geratu nahi, eta zailtasun horiek nola garatu ere landu dugu.
Zer da, hiztuna den ikasleak oinarri bezala bere jatorrizko hizkuntzaren egitura hartzen duelako?
Bai, bigarren hizkuntza bat ikasten dugunean, beti egiten ditugu transferentziak. Adibidez, gazteleraz dakitenek euskaraz ikasten dutenean, gazteleratik egiten dituzte transferentziak. Zeinu hizkuntzarekin antzera gertatzen da. Baina zeinu hizkuntzak beste ezaugarri bat du, hizkuntza espaziala dela. Badaude gauza batzuk bietan berdinak direnak, baina zeinu hizkuntzak baditu berezko ezaugarriak, euskarak edo gaztelaniak dituzten bezala. Entzuleak direnek adibidez, erabiltzen dituzte zeinu batzuk gorrek erabiltzen ez dituztenak. Zeinu hizkuntzan espazioak garrantzia handia hartzen du, eta loturak egiteko eta edukien artean informazioa emateko espazioa erabiltzen dute; entzuleek hor ezin dute transferentziarik egin, hori ikasi egin behar dute, baina landu ez badute, beste zeinu batzuk erabiltzen dituzte.
Ikasleen artean ahozkoa bere horretan itzultzeko joera hori badago beraz.
Bai. Zeinu hizkuntza gazteleraz transkribatzen da, eta hor ikusten dugu, adibidez, gorrek ez dituztela
despues edo
luego (ondoren edo gero) formak erabiltzen. Entzuleek, ordea, ahozkoan erabiltzen dituzte, eta zeinu hizkuntzan ari direnean, espazioa erabiltzen ez dakitenez, forma horiek sartzen saiatzen dira; hori gorrentzat ez da zeinu hizkuntza, gaztelera baizik. Bimodala deitzen zaio horri. Ikasleak dira eta ikasten ari garenean, normala den bezala, akatsak, zailtasunak eta oztopoak izaten dira. Baina interprete gaiak dira, interpreteak izateko ari dira prestatzen, eta interprete bati hizkuntza maila altua eskatzen zaio, berezkoaren parekoa. Horregatik formazioak sakonagoa eta landuagoa izan behar du.
Ikasle entzuleekin eta gorrekin egin dituzue elkarrizketak. Nolakoa izan da prozesu hori?
Luzea. Guztira hamalau interprete gai hartu genituen. Lehen mailan zeinu hizkuntza ikasten dute eta bigarrenean interpretazioa. Guk lehenengo maila bukatzen ari zirenak hartu genituen, ikaste prozesua nolakoa den eta zein arazo dituzten ikusi nahi genuelako. Bakoitzari errezeta bana eta argudio testu bana grabatu genien, ahoz lehenengo eta zeinuz ondoren. Horiek denak transkribatu ditugu Glosa sistemara; lan handia izan da.
Baina benetan ikasleek dituzten zailtasunak zein diren ezagutzeko, gorrengana ere jo behar genuen. Egunerokotasunean zeinu hizkuntza erabiltzen duten zortzi gor hartu genituen, trebetasun eta garapen maila bat zutenak. Horiekin ere errezetak eta argudio testuak grabatu genituen, zeinuz. Denak transkribatzen bi urte inguru pasa ditut.
Bien arteko alderaketa eginda, zein ondorio atera duzu?
Ikasleek esaldiak nahiko ondo egituratzen dituzte, baina testua begiratuta, zeinu hizkuntzak berezko dituen ezaugarri horietan oztopo eta zailtasun ugari dituzte, markatzaile diskurtsiboetan, izen-ordainetan… Adibidez, argudio testuetan, ekoizleak testuan inplikatzeko etengabe erabiltzen du izen-ordaina, «ni, ni, ni…» eta zeinu hizkuntzan gorrek ez dute hori egiten. Beraiek ‘orain eta hemen’ hitz egiten dute; alegia, ni ari banaiz hizketan ez dut «ni» erabili beharrik. Entzuleak ez dira horren jabe. Baina parekotasunak ere ikusi ditugu; testua egituratzerakoan adibidez, egitura beretsua edo parekoa erabiltzen da zeinuz eta ahoz. Hor badago mintzairatik datorren ezaugarri komun bat.
Ikerketa euskaraz egin duzue, baina kanpoan ere proiekzio bat izango du.
Bai, joaten gara kanpora. Nazioartean ibili gara, Varsovian, Ginebran, Amsterdamen… Espainian ere nazioarteko hainbat kongresutan parte hartu dugu. Harrera ona izan du lanak, bai kanpoan eta baita Ikergazten bertan ere. Bi urtetan egin da kongresu hori eta bietan onartu digute aurkezpena.
Horrelako kongresu bat bertan egitea eta aurkezpenak euskaraz egiteko aukera izatea ere garrantzitsua da, ezta?
Bai, bestela beti kanpora begira gaude. Euskaraz ere egiten dira ikerketak, eta alde horretatik bazegoen hutsune bat. Euskarari egotzi izan zaio ez dela ikerketarako hizkuntza edo bere mugak badituela, eta hor badu parekotasun bat zeinu hizkuntzarekin. Askok uste dute gorrek hala nola komunikatzeko duten bide bat dela, baina hizkuntza bat da, munduko beste hizkuntza guztiak bezala. Zentzu horretan, bietan ere prestigioan lan egin behar da. Ikerketa euskaraz egiteak erronka ugari dakartza, bai euskararentzat eta bai euskaraz ari garen ikerlariontzat, eta alde horretatik topagune bat izatea oso aberasgarria da.
Zeinu hizkuntzak baditu bere dialekto eta berezitasunak?
Zeinuena ez da nazioarteko hizkuntza, eta bere kalterako, toki bakoitzean hitz egiten den lurraldearen izena hartzen du. Bere kalterako diot, ze askok pentsatzen dute Espainiako zeinu hizkuntza gaztelera dela zeinu bitartez, eta ez da hori, eremu kontu bat da; Espainiako zeinu hizkuntza hor bakarrik egiten da. Estatua hartuta, Kataluniak bere zeinu hizkuntza propioa du, baina ez da katalanez egiten dutelako, hizkuntza hori lurralde horretan bakarrik egiten delako baizik. Gainontzean, estandar modura Madrilekoa hartzen da; han dago gorren elkarteen konfederazioa eta han egiten dira hiztegiak.
Euskara batuaren antzera?
Bai. Batuaren antzeko zerbait da, eta hor ere erdigunea hartu dute estandar modura. Hortik urruntzen zoazen heinean, dialekto ezberdinak sortzen hasten dira. Hego Euskal Herrikoak, Galiziakoak, Granadakoak eta Kanarietakoak, esaterako, estatukoarekin alderatuta, %35eko ezberdintasuna dute, lexiko aldetik. Azkenean, gorrek komunikazio beharrak dituzten bezain azkar sortzen dira zeinuak, eta horiek hiztegian jasotzea oso zaila da. Horregatik bakoitza bere bidea egiten ari da.
Zeinu hizkuntza zentzu ludiko batetik lantzen saiatu izan zara. Zabaltzeko bide ona al da?
Gaur egun umeek beste era batera ikusten dute, ez zaie horren arrotza egiten, eta beste interes bat erakusten dute. Agian gaur egun dena eskurago dagoelako izango da. Abestiena adibidez, izugarria da, ume askok
Amalur kantagatik ezagutzen naute. Eta horrek ere asko egiten du. Duela gutxira arte parlamentuko saioetan bakarrik ikusten zen zeinu hizkuntza. Egia da horrek ematen diola estatus bat, baina gero beste inon ez da ikusten.
Gizarte inklusibo bat izateko gauza guztiak izan behar dira kontuan. Gizarte integrazioan lan eginda beste behar batzuk ere ikusten dituzu, eta ohartzen zara gizartea ez dagoela %100 prestatuta gizartearen behar guztiak biltzeko, oraindik oztopo asko daude.