Peio Alzelai: «Urterik zailenak politenak izan dira Ilintxako lehendakaritzan»
Hamazazpi urtez gidatu du Legazpiko futbol klubaren lema. Xabi Aldamak lekukoa hartu dio lehendakaritzan. Urteotako errepasoa egin du Alzelaik (Legazpi, 1957).Zein da Ilintxarekin daukazun harreman luzearen hastapena?Txinan bost urtez bizi eta gero (19...
Hamazazpi urtez gidatu du Legazpiko futbol klubaren lema. Xabi Aldamak lekukoa hartu dio lehendakaritzan. Urteotako errepasoa egin du Alzelaik (Legazpi, 1957).
Zein da Ilintxarekin daukazun harreman luzearen hastapena?
Txinan bost urtez bizi eta gero (1995-2000), itzuli eta Ilintxan zuzendaritza nork hartu ez ze-goela jakin nuen. Orduko zuzendaritzak ez zituen nahikoa babes aurkitu eta kluba gidaritzarik gabe geratzeko zorian zegoela esan zidaten. Oso ondo akordatzen naiz deitu eta hitzordua astearte batean iluntzeko zortzietarako egin zidatela, etxetik hurbil dagoen taberna batean.
Baiezkoa eman eta futbolaren inguruan zebilen lantaldea osatu genuen. Nire asmoa ez zen hamazazpi urtez aritzea, baina hala izan da azkenean.
Nolako egoeran zegoen orduan Ilintxa?
Egoera ez zen erraza. Gaztetxeko futbol taldea sortu berritan, Ilintxa jokalariz husten ari zen. Gaztetxeko taldean Ilintxan baloratuta sentitzen ez ziren jokalariak hasi ziren. Horrek guztiak zeharo mugatu zituen Ilintxaren aukerak. Nire lehenengo eginkizuna Gaztetxekoekin biltzea izan zen. Legazpin maila berean jokatzen zuten bi taldeentzat ez zegoen nahikoa tokirik ezta masa aktiborik ere. Gaztetxeko tal-dean jende ulerkorra topatu nuen eta martxan hasita zeudenez, hurrengo denboraldirako hitz egiteko geratu ginen.
Nola egin zenuten aurrera?
Taldea horren mugatuta egonda, Zumarragako Urola taldea utzita zuten bost jokalari batu zitzaizkigun eta sekulako mesedea egin ziguten. Orduan Erregionaleko lehen mailan jokatzen zuen Ilintxak, egungo preferente mailan. Egia esateko, zailtasunak zailtasun denboraldi polita izan zen. Poliki-poliki jokalariak berreskuratzen hasi ginen.
Gaztetxeko taldearekin harremanak onak izan al ziren?
Bai. Ilintxan eta Gaztetxeko taldean kuadrilla bereko lagunak zeuden eta harremanak ere lagunkoiak izan ziren. Gerora, bi urteren bueltan Gaztetxeko taldea desagertu egin zen eta Ilintxak aurrera egin zuen.
Hamazazpi urte asko dira. Gaziak eta gozoak izango ziren urte horietan guztietan, ezta?
Nire balorazio globala ona da. Hamazazpi urtean, egitekoak errutina bihurtzen dira. Esango nuke urterik zailenak politenak izan zirela. Etenik gabeko kudeaketa egin behar genuen. Gozoena izan da musutruk ibili diren dozenaka lagunak lanean buru-belarri ikusi izana. Lehendakaria figura soila da, lantalderik gabe ezin baita aurrera egin. Pertsona horiek guztiek Legazpiko gaztetxoei futbolean aritzeko aukera emateko aritu dira lanean.
«Talde afizionatuen pizgarria ikusleak dira, haiek gabe ez dago ilusiorik» «Krisi ekonomikoari aurre egitea izan da zailena, babesleak jaitsi egin dira»Eta unerik gazienak? Krisi ekonomikoari aurre egitea zaila izan da. Babesleen laguntzek behera egin zuten eta irudimena erabili behar izan dugu. Adibidez? Zozketa bereziak egin ditugu. Egutegi bereziak sortu ditugu eta jokalariek saldu dituzte. Dena dela, arazorik handiena da erakundeen babesa ez dela nahikoa izan. Ekonomikoa? Boluntarioek lan egiten dute umeek kirola egin dezaten eta elkarteen lana ez da behar beste baloratzen. Munduko Osasun Erakundeak haurrek gutxienez ordubeteko ariketa fisikoa egin behar dutela diote, egunero. Ez badaude aukera hori ematen duten erakundeak nola egingo dute kirola? Nik faltan sumatu dut erakundeen babesa. Baliabideak bilatzea da kirol klub batean egonda gehien erratzen duen jarduera. Ate joka ibili behar hori ez da batere gustagarria. Zergatik erabaki duzu Ilintxa uztea? Guztiak dauka amaiera bat eta une bat iritsi da, zeinetan konturatzen zaren ez duzula jada ekarpen handirik egiten eta indar berriak behar direla. Atzo asanblada egin genuen eta zuzendaritza talde berria aukeratu zuten, baita ekipo tekniko berria ere. Xabier Aldama da lehendakari berria. Erraza izan al da zuzendaritza talde berria aurkitzea? Boluntariotza lana gainbeheran dagoela uste dut. Aitzitik, Ilintxaren lema hartzeko prest agertu den lantaldea sortu da, lantalde konprometitua da gainera. Boluntariotza lana gainbeheran dagoela esan duzu. Bai, zalantzarik gabe. Gizarte ohiturak aldatu egin dira eta futbolari dagokionean, futbol profesionalak min asko egin dio afizionatuenari; telebistan ematen dituzte partidak eta jendea ez da etxetik mugitzen. Talde afizionatu baten pizgarria ikusleak dira, eta ikuslerik ez badago, ilusio horrek behera egiten du. Aisialdirako hamaika aukera dago orain eta jendea ez da futbol partidak ikustera geratzen. Futbol afizionatua sakrifikatua da; astean hiru entrenamendu eta asteburuan partida. Garai batean herriko taldeko jokalariak inportanteak ziren; orain ez. Gaur-gaurkoz zenbat talde ditu Ilintxak? Zortzi. Nesken taldeak osatzea da zailena. Azken bi urteetan Zumarragako Urola taldearekin batera bi herrietako jokalariekin osatu ditugu taldeak. Lehendakaritza utzi eta zein da geratu zaizun sentipena? Ilintxan seme-alabak izan edo ez, lanean musu truk aritu diren legazpiarrek utzitako ekarpenaren gozoarekin utzi dut kargua. Gure aldetik, kirol anbizio handirik ez dugu inoiz izan eta garrantzia handiagoa ematen diot kalera irten eta 30 urte inguruko gazteen agurrari; futbolean jokatzen ezagutu ditut 12 urte zituztenetik. Beraz, Ilintxako urte hauetako guztietako jardunetik alderdi humanoa gordeko dut. Aurrerantzean zer egingo duzu? Ilintxako lehendakaritza utzi dut, baina edozertarako behar banaute prest egongo naizela badakite. Aurrerantzean nire afizioei denbora gehiago eskaini ahal izango diet. Ehiza, arrantza, golfa eta mendian ibiltzea dira nire zaletasun gustukoenak; jakina, futbola ere asko gustatzen zait.













