Elkartasun bete paellak
Legazpiko San Inazio auzoko kuadrilla bat orain dozena bat urte hasi zen paellak egiten jaietarako. Orduz geroztik eta gaur arte ateratako dirua ...
Legazpiko San Inazio auzoko kuadrilla bat orain dozena bat urte hasi zen paellak egiten jaietarako. Orduz geroztik eta gaur arte ateratako dirua Goierri garaian Sahararen alde lanean ari den Hare Haizea elkarteari eman diote.
Lakiolan hasi zen dena. Zingi Zango Legazpiko euskaltzale elkarteak erromeria bat egiten zuen bertan eta San Inazio auzoko kuadrilla bateko 40 bat kidek bazkari bat egiten zuten urtero Lakiolan ere. Zingi Zangokoek erromeriako bazkaria prestatuko ote zuten galdetu zieten eta Saniko kuadrillak baiezkoa eman zien. Orduan, orain 12 bat urte, hasi zen dena.
Patxi Otaegi Saniko Kuadrillako kideak kontatu duenez, «hasieratik erabaki genuen dirua Hare Haizearako izango zela. Material bidalketak egiteko, haurrak datozenean laguntzeko edo zeuden beharretarako».
San Inazioko kuadrillako kideek 60 bat urte dituzte eta guztiak jaio dira Legazpiko auzo horretan. «Umeak ginenetik gara lagunak», dio Otaegik. Dagoeneko badakite 400 lagunentzat paella bat egiteko 40 kilo arroz behar direla. Zergatik paella? «Guk gure bazkarirako paella egiten genuen eta jateko erraza denez paellarekin jarraitu genuen. Gainera paella egiteko lapikoa agertu zen eta horrek ere lagundu zuen». 400 lagun baino gehiagorentzat paella egitea eskatzen dietenean Ezkiora joaten dira: «Han paella egiteko beste lapiko handi bat dagoela jakin genuen eta utzi egiten digute».
Uztail amaieran San Inazio auzoko jaiak dira Legazpin eta han ez dago huts egiterik. Legazpiko jaietan prestatzen dute familien bazkaria, Hegialdeko jaietan ere bai. Azken aldian Goierriko beste herri batzuetara zabaldu, eta Gabirian nahiz Zumarragan paella solidarioak egin dituzte.