Kale giro aparta Ordiziako Santa Anatan
Badoaz aurrera Ordizian Santa Ana jaiak, eta une batzuetan euria hasten badu ere, jendea festarako gogo biziz dago. Goizean goiz, Laguntasuna errondailaren goiz-eresiarekin hasi dute eguna ordiziarrek eta hortik aurrera, ekitaldiz betetako eguna ospatzen ari dira.
Goizak aurrera egin ahala kaleak pixkanaka betetzen joan dira eta eguerdi aldera erraldoien alardea atera da. Ordiziako konpartsaz gain, Legazpikoak eta Katalunia, Nafarroa eta Bizkaiatik etorritako beste batzuk ere parte hartu dute. Arratsaldean ere, Ordiziako kaleetan barrena ibiliko dira erraldoiak, 18:00etatik aurrera.
Hori guztiaz gain, arratsaldean ere, pala txapelketa Beti Alai pilotalekuan, bigantxak Idoiaga plazan, musika emanaldi desberdinak eta dantza erakustaldia ere egongo dira.