Joritz Lasarte: «Arrauna sakrifikatua da, baina zerbait ematen digulako ibiltzen gara»
Jaiolekua ez dauka ahazteko Joritz Lasarte arraunlariak (Gabiria, 1992). Txiki-txikitatik aitaren herrian, Ondarroan, bizi den arren, gabiriarra da sortzez. TKE maila gorenean arraun egiten du.Ondarroaren TKE mailako ontzian gabiriar bat. Gabirian jaio...


Babesletzaz nola zabiltzate? Aurtengo lortu ditugu sponsorrak, baina urtero bila gabiltza. Galiziara joateko, 20 pertsona mugitzeko, bidaiak, gastuak, gauerako lo lekuak… ordaindu egin behar da hori. Galiziako estropadetara joateko nola antolatzen zarete? Bezperan joaten gara, ostiralean. Batzuek oporrak eskatzen dituzte, edo jaiegunak lanetik. Beste batzuk ikasten ari dira. Ostiralean bidaiatu, eta igandean itzuli. Lana eta eliteko arrauna uztartu behar, orduan. Baina nola? Gu gazteak gara, eta horrela ondo eraman daiteke. Baina badaude familia daukaten arraunlariak, hiru seme-alaba dituztenak. Horiek larriago ibiltzen dira. Astean sei bider entrenatzen dugu, aldiko bi-hiru ordu, gutxienik. Beti itsasora? Ez, denetik egiten dugu. Barruan eta kanpoan, korrika, gimnasioan… Saiatzen gara denetik uztartzen. Zein postutan aritzen zara? Ni beti puntan joaten naiz. Pisu gutxien daukagunak izaten gara puntan, arinenak. Ni ziabogaren aurrean joaten naiz. Alde tekniko handia dute gure postuek. Itsasoa baxu dagoenean, adibidez, hor izaten dira teknikoki ondoen moldatzen direnak. Traineruaren erdikoak dira pisu gehienekoak, eta aurrean joaten direnak markak dira, erritmoa kontrolatzen dutenak. Bakoitzak dauka bere funtzioa. Arraunlariaren bizitza hain sakrifikatua al da? Bai, bai. Udan zaindu egin behar duzu, ezin zara despistatu. Gainera, gutxiago horrelako maila batean. Segundo bakoitzean dena eman behar duzu. Puntu bakoitza urrezkoa izan daiteke. Estropadetan ez dago indarra erregulatzerik, ezta? Hor ez dago erdibiderik. Hasieratik guztia emanez joaten gara. Beti saiatzen zara estrategia bat eramaten, aurkariari mina noiz eman behar diozun eta. Ez kartak gorde, baizik zuk daukazun abilezia noiz eman kontrolatu. Baina batzuetan jada joan zaizu, eta aurretik planteatutakoa beste era batera modaltzen joan behar izaten duzu. Kirol helburua zein du Ondarroak 2017ko denboraldian? Entrenatzaileak esan diguna da iaz baino azkarragoak izan behar dugula. Horrek ez du esan nahi azkarrago ibiliko garenik. Beste taldeenganako diferentzia suposatzen du horrek. Adibidez, lehen estropadan 7. egin genuen, eta aurreko hiru traineruak 2-3 segundoren tartean gelditu ziren. Bigarrenean, berriz, 10. bukatu genuen. Asteburu bakoitzean, segundo bakoitzean puntuak jokatzen ditugu. Ahalik eta erregularrena izatea da gakoa. Orain arteko garaipen politena zein duzu? Iaz, adibidez, Bilbon irabazi genuenekoa, KAE-1en. Baina politena Ondarroako bandera irabaztea izan zen, 21 urteren ondoren. Herrian bertan irabaztea beti da pozgarria, zure lagunak, familia, ezagunak portuan daudelako. Hasi ginenean lehenengo bandera lortzea polita izan zen. Haren aurretik azkena 2011n irabazi zuen Ondarroak, justu taldean nengoenean. KAE-2 ligan lau bandera irabazi genituen, urte hartan. Iaz 18 estropadetatik hamarretan arraun egin nuen. Horrekin, gustura. Zuen traineruak muga non du? Gure ekipoa mentalki burugogorra da, beti dena emateko gogoz dago. Muga ez dakit non dagoen. Gero, ikusi behar da behetik, harrobitik jenderik etortzen den. Indarra ematen du horrek; orain 22 gara, baina bihar igual inor ez. Goierritik itsasoa urruti ez dago baina, arraunlari gutxi? Nik animatuko nuke jendea, kirol desberdin bat probatzeko. Zergatik ez? Kirol konpletoa da, gorputz atal guztiak lantzen dira. Sakrifikatua bada, baina zer edo zergatik aritzen gara entrenatzen, zerbait ematen digulako. Itsasoan, olatua hartzen duzunean, sentsazio hori ezin da esplikatu. Traineruaren arintasuna abiadura hartzen duenean, olatu bat hartutakoan…«Estropadetan ez dago erdibiderik. Hasieratik guztia ematera joaten gara»
«Garaipenik politena Ondarroako bandera izan zen, 21 urteren ondoren»