Gatibu taldearen kontzertua eta askoz gehiago Urretxuko jaietan
Irailaren 15etik 18ra ospatuko dituzte Urretxuko Santa Anastasia jaiak. Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa taldeko kideak izango dira pregoilariak, eta haiek emango diete hasiera jaiei, ostiral iluntzean. Egitarauari dagokionez, nabarmentzekoa da Gatibu
Irailaren 15etik 18ra ospatuko dituzte Urretxuko Santa Anastasia jaiak. Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa taldeko kideak izango dira pregoilariak, eta haiek emango diete hasiera jaiei, ostiral iluntzean. Egitarauari dagokionez, nabarmentzekoa da Gatibu taldearen kontzertua, larunbat gauean.
Gainontzean, ohiko egitura izango dute jaiek. Larunbat goizean abelgorrien erakusketa egingo da. Arratsaldean, gastronomia lehiaketa eta folklore jaialdia. Gastronomia lehiaketan haragi bolak ardo beltz erara prestatu beharko dituzte parte hartzaileek. Folklore jaialdian, berriz, Gasteizko, Lanzaroteko (Espainia) eta Errusiako dantzari gonbidatuak izango dira. Iluntzean txistularien alardea egingo da, urteroko moduan.
Igandean Euskal Jaia ospatuko da. Goizean jaialdia egingo dute Gernikako Arbola plazan, eta aurtengo gaia Artoa eta babarruna izango da. Arratsaldean, karrozen txanda; guztira hamar kuadrilla ari dira beren karroza prestatzen. Gauean erromeria izango da, Fan & Go taldearekin.
Eta astelehenean, jaiak amaitzeko, haur eta gaztetxoen eguna egingo dute. Goizean haurrentzako moto eta patinete lasterketa izango da, baita zezentxo eta poniak ere. Eguerdian kuadrillen bazkaria, eta arratsaldean kuadrillen arteko jokoak eta sokatira. Aurten, sokatirarako pisaketa Gernikako Arbola plazan egingo dute, jendaurrean. Jaiak amaitzeko, iluntzean kantu afaria egingo da. Ez da gonbidatu berezirik izango.
Argazki Rally-an aldaketak
Jaietako argazki lehiaketaren oinarriak aldatu egin dituzte aurtengoan. Dagoeneko ez du Rally formatua izango: parte hartzaileek ez dute gai konkretu bat izango, eta ez dute argazki multzo bat aurkeztu beharko. Gaia librea izango da (beti ere jaietako ekitaldiekin loturik dagoen bitartean), eta argazki bakarra aurkeztu daiteke; gehienez 3 argazki aurkeztu ahal izango dira. Modu honetan, jendearen parte hartzea erraztu nahi dute. Bi kategoria izango dira, haurrena (16 urte arte) eta helduena.
Antton Fernandez herriko dantzaria, Sagartu ikuskizunean
Nabarmentzeko ekitaldia da baita ere larunbat eguerdian Oinkari dantza taldeak eta Hika teatroak eskainiko dute: Sagartu ikuskizuna. Bertan izango da Antton Fernandez dantzari urretxuarra ere. Disziplina ezberdinak nahasten dituen kaleko ikuskizuna da Sagartu: dantza, antzerkia, musika… Hona hemen bideo bat: