Gerezi tomatea izan da gaurko berritasunetako bat, kiloa 6 euroan. / Maialen Igartua
Giro lanbrotsua eta freskoa ahoz aho ibili dira gaur Ordiziako asteazkenetako azokan. Tabernariak, berriz, kexu ziren goizean goizetik, espero baino jende gutxiago zebilelako kaleetan. Salmahaietan, ordea, berritasun ugari gaurkoan.
Pare bat postuk aire libreko babarrun zuria ekarri dute, lekan. Kiloa 10 euroan jarri dute salgai. Aurreko asteetan ere izan dute babarrun zuria, baina negutegikoa. Gerezi tomatea izan da beste berritasun bat, kiloa 6 euroan. Neguko kalabaza ere hasi da, kiloa 2 euroan. Azkenik, atxikoria eta eskarola lisoa ere ekarri dituzte baserritarrek, unitatea 0,75 euroan.
Eskarola landarea ere hasi da, ehun landare 8 euroan.
Mugurdiak eta pikuak
Frutari dagokionez, mugurdiak erosteko aukera ere izan da gaurkoan, kiloa 12 euroan. Lehenago hasi ziren mugurdiak, baina azken asteetan ez da batere izan. Bestalde, pikuak ere hasi dira, kiloa 5,5 euroan.
Perretxikuei dagokienez:
- Onddoak (kanpokoak): 40 kilo (kiloa 15-28 euro artean)
- Ziza horiak (kanpokoak): 50 kilo (20 euroan)
- Ziza horiak (bertakoak): 2 kilo (15 euroan)
- Gamuzak (kanpokoak): 2 kilo (15 euroan)
- Gibelurdinan (kanpokoak): 3 kilo (30 euroan)