Atzo bota zuten jaiei hasiera emateko suziria. Gaur oilaskoa eta txakolina banatuko dituzte, eta arratsaldean bola txapelketa izango da.
Txekor jatea, plazan. / Aloña Elortza
Atzo iluntzean bota zuten Zerainen jaiei hasiera emateko suziria. Zortzi eta hamabi urteko haurrek irakurri zuten pregoia. “Bando bando, alkateak esan do…”, iragarriz hasi ziren, garai batean bezala, eta festak ondo pasatzeko opa zieten herritarrei.
Behin suziria botata, sagardo dastaketa eta txekor jatea izan zituzten plazan. Jaietako ekitaldirik jendetsuena izan ohi da, eta aurtengoan ere plaza bete egin da. “Janari guztia bukatu da, beraz, horren arabera kalkulatzen dugu iaz bezainbeste jende edo gehiago etorri dela”, adierazi du Aloña Elortzak.
Tripa ederki beteta, eta sagardoak ematen duen bizitasunarekin, dantzara ere jende ugari animatu zen gauean, Gau Argi taldearekin.
Gau Argi taldearekin erromeria. / Aloña Elortza
Gaur, txakolina eta oilasko hegoak
Jan edanerako aitzakiarik ez da falta Zerainen. Atzokoan txekor haragia eta sagardoa izan bazen, gaurkoan txakolina eta oilasko hegoak banatuko dituzte, 12:30ean. Arratsaldean, berriz, bola txapelketa eta herri kirolak izango dituzte. Gauean, herriko gazteak mozorroturik aterako dira kalera, eta gazte afaria egingo dute.
EGITARAUA
ABUZTUAK 15, asteartea: ANDRA MARI EGUNA
12:00: Plazako frontoian pilota partidak; adin ezberdineko gazte neska eta mutilak.
12:30: Txakolin dastatzea eta Lumagorriko hegoak parrilan erreta jateko aukera.
16:00: Andra Mari bola txapelketa.
18:30: Herri kirol eta jolasak plazan.
20:30: Triki-poteoa mozorrotuta. Aurtengo mozorrotzeko gaia FILMAK. Gaueko 21:30etan: Gazte afaria mozorrotuta herriko plazan.Oiharteko sagardoa eta Ostatuko afaria . (Tikeak Ostatuan salgai).
Iluntzeko triki poteo eta gaueko musika: ELIZAGOIEN AHIZPEn eskutik.
ABUZTUAK 16, asteazkena: SAN ROKE EGUNA
11:30: Meza Nagusia.
13:00: Herriko artzainek egindako gazten probaketa plazan.
Ordu berean: Toka txapelketa
16:00: San Roke bola txapelketa.
20:30: Herri afaria. (Mahaia gordetzeko 18:00etarako eman behar da izena eta mahaia jartzeko laguntza eskertuko litzateke). Bertsotan Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia arituko dira.
Ondoren: JERRY musikariarekin dantzaldia.
ABUZTUAK 17, osteguna
Arratsaldeko 16:30etan: Herri txukuntzea.