Hiritik ihesi, oporraldia Zerainen
Abuztuaren hasieran Goiturrek emandako datuen arabera, milaka bisitari ditugu aurten ere. Herrialde askotatik etortzen dira, baina, dudarik gabe, kataluiniarrak dira Euskal Herria eta Goierri oporretarako helmugatzat aukeratzen duten gehienak.
Bartzelonatik hurbil dagoen Molins de Rei hiriko bikote bat, esaterako, Zerainen ari da oporraldia pasatzen. Astelehenean etorri ziren, hiritik ihesi, eta sorpresaz harrapatu zituzten Andre Mari festek. “Herri kirolen erakustaldia ikusi genuen, eta txekor jatean ere izan ginen”, adierazi dute, pozik. “Joaten garen lekuan bertako jendearekin nahastea gustatzen zaigu, eta primerakoa izan da bertako festak bizi ahal izatea”. Herri kirolak asko gustatu zitzaizkien: “A zer sasoia duten hemengo neskek trontzan!”.
Zeraingo Tellerine nekazal etxean hartu dute ostatu. “Hiritik ihes egin eta naturaren erdigunean egon nahi genuen, eta horregatik aukeratu dugu Zerain”. Euskal Herrian izanak ziren lehen ere, Iparraldean eta kostan, baina Goierrin inoiz ez. “Asko harritu gaitu den denek euskaraz egiteak, baita industria eta herri txikiak zein gertu dauden ikusteak ere”, adierazi dute.
Basazabal gaztandegira bisita
Zerain erdigune hartuta, Gipuzkoako txoko ezberdinak ikusi dituzte: Arantzazuko basilika, Ordiziako azoka, Tolosa, Amezketa… Atzo, berriz, irteera berezia egin zuten Zerainen. Turismo bulegoak antolatuta, Barbariko larreak ezagutzeko mendi ibilaldian parte hartu zuten, eta Basazabal gaztandegian amaitu zuten.
Bertan, Idiazabal gazta egiteko prozesua erakutsi zien Javier Muñoak, eta dastatzeko ere eman zien. Bikoteak harrituta begiratzen zien Muñoak paretetan zintzilik zituen txapel eta garaikur guztiei. “Sari pila bat irabazi dituzu!”.
Datozen egunak Urbiako zelaiak, San Adriango koba eta Zumaiako flichsak ezagutzeko aprobetxatuko dituzte.
Asteartean itzuliko dira etxera, eta argi dute Goierri gomendatuko dutela. “Seme batek esaten digu Nafarroara joan nahi duela bizitzera, baina Goierrin zer ikusi dugun esaten diogunean, ziur nahiagoko duela hona etorri”.
Gero eta gehiago dira oporraldia Goierrin pasatzea erabakitzen dutenak. Bertan ostatu hartu, eta Gipuzkoako txoko ezberdinak bisitatzeko aukera eskaintzen du Goierrik.