![guri5](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/08/guri5.jpg)
Abuztuaren amaierarekin eta kurtsoa hastear dela, olaberritarrek festa eguna izango dute, bihar (abuztuak 29), herrian. San Joan Txiki ospatuko dute, egun osoko egitarauarekin.
Goizean, 11:00etan meza izango da, eta ordu berean oka jolasa hasiko da, gazteek antolatuta. 12:00etan hamaiketakoa zerbitzatuko dute.
![San_Joan_festak___Olaberri](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/08/San_Joan_festak___Olaberri-300x200.jpg)
Arratsaldean, 15:00etatik 19:00etara jolas parkea jarriko dute Olaberrian. Apar festa egingo dute bukaeran. Iluntzean, 18:00etan hasita, pilota partidak izango dira. Lehenengo infantilak ariko dira, Iker Garrido-Xabier Naldaiz eta Mikel Etxezarreta-Xabier Olano bikoteak. Ondoren, jubenilak: Larrañaga (Zumaia)-Garmendia (Lazkao) eta Alberdi (Azpeitia)-Etxeberria (Albiztur) aurrez aurre.
Erromeria giroarekin jarraituko du festak, gauean. 20:00etan Iñaki eta Gari trikitilariek girotuko dute afaria. Oilaskoa eta Gernikako piperrak egongo dira jateko, sagardoa edateko. 20:30ean hasiko da herri afaria. 22:00etan, Guri5 musika taldeak joko du.