Garagartza plazan, Euskal Herriko 3. sagardo txapelketaren finalaurrekoa jokatuko da. Plaza Nagusian, 12-15 sagardo dastatu ahal izango dituzte herritarrek

Ordiziako Euskal Jaien barruan, Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren lau finalaurrekoetako bat egingo dute bihar, larunbata, Garagartza plazan, 20:00etatik aurrera. Ordiziakoaz gain, Andoainen, Zarautzen eta Oiartzunen izango dira finalaurrekoak; eta finala berriz, Azpeitian jokatuko da, hilaren 30ean.
Izena ematen duten Euskal Herriko sagardotegietako sagardoak, afaltzera inguratzen diren guztien artean dastatu eta puntuatuko dituzte. Epaile lanetan aritu nahi duten herritarrek txartelak aurrez hartu beharko dituzte (finalaurrekoak 26 euro, eta finala 32 euro), afarian zehar egingo baita puntuaketa lana. Epaile edonor izan ahalko da.
Txartelak, Ordiziako Tximista sagardotegian eta Nekazal Kooperatiban, Altzagako Olagi sagardotegian, Zaldibiako Joxepane tabernan eta Gipuzkoako Sagardotegien Elkartean daude salgai.
Jendea afaltzen hasi orduko hasiko dira mahaira sagardoa ateratzen eta afaltiarrek lote bakoitza puntuatu behar izango dute 5-10 punturen tartean, momentuan iruditzen zaionaren arabera. Ez da jakingo zein sagardotegitako sagardoa dastatzen ari diren mahaikideak.
Finalaurreko bakoitzeko lehen bi puntuazio altuenak dituzten sagardotegiak automatikoki pasako dira finalera, eta gainontzeko sagardoak, puntuazioaren arabera, hurrenez hurren. Finalaren ondoren bakarrik jakingo da finalistak zeintzuk izan diren eta zein puntuazio lortu duten.
Sagardo dastaketa ere egingo dute bihar plazan
Garagartza plazan egingo duten Euskal herriko Sagardo Txapelketaren kanporaketaz gain, dastaketa herrikoia ere izango da plaza nagusian, 19:00etatik aurrera. 12 eta 15 sagardo mota ezberdin artean egongo dira probatzeko; horietako asko Goierrikoak. Hiru euroan salduko dira edalontzia eta 10 sagardo baso edateko txartela. Horrez gain, jatekoa ere jarriko dute.
Beste ekintza batzuk

Saioan parte hartuko duten 6 bertsolariak.
Sagardo festaz aparte, Euskal Jaien egitarauak beste hainbat ekintza ere eskaintzen ditu. Gaur, Goierriko Bertso Eskolak eta Argi Berri elkarteak antolatuta, bertso saio berezia egingo dute, 20:00etatik aurrera Plaza Nagusian. Goierriko sei bertsolari igoko dira oholtza. Bihar, berriz, egun osoan zehar, haurrentzako parkea jarriko dute Beti Alai pilotalekuan, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara. Bestalde, 19:00etan hasita, euskal kalejira egingo du Amets Bidek, Burrunbazale txarangak lagunduta. Eta igandean, Lazkao Txiki 26. bertsopaper lehiaketako sariak banatuko dituzte 12:00etan Barrena kultur etxean.